Elikadura. Errezeta

Irasagarra

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2011ko azaroak 19
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

2 kilo irasagar.

Kilo bat azukre.

Ur pixka bat.

Gaurko errezeta erraza da, eta oraindik ere etxe batzuetan egiten da, garaian garaiko produktu naturalak erabiliz.

Lehenik, irasagarrak garbitu, txortena kendu, eta erditik ebaki, labana baten laguntzaz. Bihotz aldea kendu, eta zatitu. Guztia lapiko zabal batean ipini, eta ur pixkatxo bat bota.

Lapikoa erdiko suan berotzen jarri, eta urak lagunduko digu irasagar pusketak urtzen. Irasagarra desegiten hasten denean, sua pixka bat bizitu, eta salda guztia lurrintzen eduki. Sikatze puntura ailegatzean, irasagarrak kolore ilunagoa hartuko du, eta hori komeni da.

Puntu honetan, irazgailu baten laguntzaz, guztia beste lapiko batean ipini, eta berriro erdiko suan jarri. Gero, azukrea bota, eta guztia nahastu. Irakiten eduki testura lodi bat lortu arte. Kontuz ibili zipriztinekin, nahiko arriskutsuak gerta daitezke eta, bero handia hartzen baitu irasagarrak. Bukatzeko, ontzi polit batera pasatu, eta hozten utzi; hurrengo egunerako mozteko prest egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna