Zainzuriak barazki ozpin-olioarekin

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo bat zainzuri fresko

Tipulin 1

Piper gorria

Piper berdea

Perrexila

Gatza

Azukre koilarakada 1

Oliba olio birjina

Sagardo ozpina

Modena ozpina

Gaurko errezetarako, garai-garaiko produktua aukeratu dugu. Zainzuriak erosterakoan, produktuaren freskotasunari kontu hartu behar diogu, baita haren lodierari ere: hatz lodiaren tamainakoak dira politenak.

Prestatzerakoan, zainzuriaren behealdean (zuztarraldean) bost bat zentimetroko pusketa moztuko dugu. Ondoren, patatak zuritzeko tresnarekin zainzuria erditik behera ongi zurituko dugu. Lan hori ondo egitea komeni da, bestela jaterakoan haritxoak nabarituko baititugu. Ondo garbitu.

Urez beteriko lapiko handi bat sutan berotzen jarri, gatz eta azukre pixka batekin. Irakiten hastean, zainzuriak bota bertara, eta 15 bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali, eta bertan utziko ditugu hoztu bitartean, gutxi gorabehera pare bat orduz. Momentuan jan nahi baditugu, ordea, irakin denbora beste 10 bat minutuz luzatu beharko dugu.

Ozpin-olioa prestatzeko, tipulina xehetu, baita piper berdea eta gorria ere, eta eraztun forman moztu, ahalik eta eraztun finenetan. Ontzi batean barazkiak jarri; bertara gatza gehitu, eta oliba olioaren zorrotada on bat (norberaren erara); baita modena eta sagardo ozpina ere. Guztia ongi nahastu. Kontuan hartu koilarakada olio botatzen dugun bakoitzeko ozpinetik bat bota behar dela. Gorde. Zainzuriak uretatik atera, ondo lehortu, eta zerbitzatzeko erretilu polit batean jarri. Bukatzeko, gainetik ozpin-olioa botako dugu, eta perrexil hostoa jarri gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.