OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:Hostopil xafla bat.
2 onddo.
8 otarrainxka.
Esne litro bat.
100 g gurin.
80 g irin.
Gatza.
Oliba olioa.
• Labea berotzen ipini. Hostopila zilindro baten laguntzaz forma borobiletan moztu, eta labeko erretilu batean jarri. Labean sartu 180 gradutan, 20 bat minutuz. Atera eta gorde.
• Onddoak garbitu eta pusketa txikietan moztu. Zartagin batean, oliba olio zorrotada baten laguntzaz, bost minutuz frijitu, eta ontzi batean gorde.
• Otarrainxkak zuritu eta burua kendu. Zartagin berean, zapore guztiak ongi nahastu daitezen, otarrainxkak frijituko ditugu pusketa txikietan. Horiek ere onddoekin batera gorde.
• Zartagin berean gurina bota, eta urtzean, irina gehitu; ongi nahastu, eta esnea —aurrez berotua— pixkanaka gehitu, bexamela lortu arte. Eragin denbora guztian. Gatz pitin bat bota eta bost minutuz ongi irakin.
• Gorderik ditugun otarrainxka eta onddoak bertara gehitu. Ontzi batera pasa bexamela, eta epeltzen utzi. Hostopil borobil bakoitza hiru pusketatan moztu. Pusketa bakoitzean bexamel koilarakada bana jarri, eta milorria osatu.
• Bukatzeko, labera sartu 5 minutuz azken berotua emateko.