«Hasieratik erabaki zen politikak ez zuela eragingo proiektuan»

D. Piedra
Riga
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Riga 2014 proiektuaren berezitasun bat adostasuna izan da. Donostian bezala, Rigan ere, udal gobernuaren zeinu politikoa erabat aldatu zen hautaketa prozesu bete-betean. Beraz, hautagaitza aurkeztu eta defendatu zuen gobernu talde batek, baina beste talde batek gidatzen du Riga gaur egun. Hala ere, egonkortasuna mantendu dute, eta Donostian baino polemika gutxiago sortu da alderdien artean.

«Lehenengo egunetik erabaki garbi bat hartu zen», zehaztu du Aiva Rozenbergak kultur proiektua eztabaida politikotik kanpo mantentzea nola lortu duten galdetuta: «Alegia, politikak ez zuela eraginik izango proiektu artistikoan eta programazioaren diseinuan. Hori oso lagungarri izan da». Donostian ez bezala, antolakuntza taldea ez da ia aldatu hautagaitzaren ideia sortu zenetik. Hasiera-hasieratik talde bera aritu da, eta horrek lagundu du. «Egonkortasuna eman du». Gainera, taldekideen soslaia kulturari eta arteari lotua dago; ez dute politikarekin zerikusirik. «Politikariek ezin dute gure lanean eragin. Proiektuaren funtsari ere eutsi diogu, hautagaitzan aurkeztu genuena egiten ari gara. Talde bera gara, kontzeptu artistiko berarekin eta formula arrakastatsua izan dela frogatu da».

Horrek ez du esan nahi eztabaidarik ez denik egon hirian: «Bai, eta, gainera, kontuan hartu alkatea aldatu genuela prozesua martxan zela». Izan ere, udal hauteskundeen ostean independentziaz geroztik Rigak izan duen lehenengo alkate errusiarra jarri zen agintean. «Riga kultur hiriburu izendatu baino hilabete lehenago jarri zen alkate, hura bai aldaketa! Gobernuen eta oposizioaren arteko eztabaidak izan dira, noski, eta gogor negoziatu behar izan dugu. Beste hiriburu kultural batzuetan badakit tirabira garratzak izan direla; zuhur jokatu behar izan dugu». Nolanahi ere, proiektuaren funtsa mantendu dute denbora honetan guztian. «Kontzeptu artistikoa, programazioa eta antolakuntza taldea ez dira zalantzan jarri, hala hitzartuta egon delako».

Kultur hiriburutzaren proiektuak gorabeherak izan dituen arren, aurrera egin du, eta horren «gakoa» komunikazioa izan dela uste du Rozenbergak: «Proiektuan interesa izan lezaketen erakunde eta eragile guztiak kontuan hartu ditugu, eta denei informazio berdina eman diegu; denek parte hartu ahal izan dute proiektuaren fase guztietan. Uste dut horrek desberdin egiten duela Rigako egitasmoa». Hala ere, prozesua «gogorra» izan da: «Oreka bilatu behar da eragile eta herritar guztientzako mesedegarri izan dadin».

Rigan 58 auzo daude, eta programaren zati bat bertako biztanleentzat da. «Pentsatzen dugu kulturaren bizipenak auzoetara eraman behar direla. Auzoaren nortasunaren baitan, esperientzia kulturala izan dezatela nahi dugu, eta auzotarren parte hartzea areagotu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.