KRITIKA. Antzerkia

Ama hila

Agus Perez.
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
'Koadernoa zuri'

Egileak: Arantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga. Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Eszenografia eta jantziak: Xabi Mujika, Miren Intxaurraga. Argiak: Xabier Lozano. Antzezleak: Agurtzane Intxaurraga, Itziar Ituño, Miren Gojenola. Lekua: Igorreko Lasarte aretoa. Eguna: Urriak 8.

Ama hilaren inguruan elkartu dira bi ahizpak urte luzez elkarrengandik urrunduta bizi ostean. Amak banandu zituen azken finean, edo hobeto esanda, amaren zurruntasunak banandu zituen, muturreko zurruntasunak muturreko jarrerak sorrarazita. Alaba batek herrialde urrun batean eraiki zuen bere bizitza, askatasun pertsonalaren inguruan, eta bestea amaren agintepean geratu zen, askoz bizimodu arruntagoa eramaten.

Hika Teatroak estreinatu berri duen lan honek emakumeen zentraltasuna bilatu du, giza sentimenduetan arakatuz eta bizi-erabakiak hartzeko motiboak agerian utziz. Hala ere, nire irudiko, egileek ez dute erabat asmatu testuaren kontuan, une eta egoera batzuetan melodramaren ertzetik hurbilegi ibilita eta korapiloari molde konbentzionaleko amaiera emanda. Alde horretatik, nire zalantza da ez ote diren elementu eta pertsonaia gehiegi batu argumentu berean, protagonista bakoitzak pertsonaia bakar batean zentratu izan balitz intentsitate gehiago lortu zukeelako, haietariko bakoitzaren auzian gehiago sakontzearen ondorioz.

Argumentua kaleidoskopio baten antzera eratu denez, ikuslearen rola puzzle eszeniko baten piezak ordenatzea izan da, lotura zuzenik gabeko eszenak segida batean etorri direlako eta denboran aurrera eta atzera egin dugulako hainbatetan. Bestetik, errealitatearen planoa errealitatetik kanpokoekin konbinatu da eta agertokiaren diseinuak ihes egin dio logika zapalari, eszenaratze poetiko batean azaldu baitira gertakizunak. Adibidez, dekorazioaren elementuek —ateek, leihoak, oheak...— nortasun propioa eduki dute eta sentsazio onirikoaren zerbitzura egon dira, beltzez jantzitako izaki misteriotsuaren laguntzaz. Argien diseinu landuak ere giroak azpimarratu eta koloreen bidez sortu ditu etxe nagusitik kanpoko lekuak.

Era berean, berezia izan da ahotsei emandako tratamendua, ahots naturalez gain off-eko ahotsak entzun baitira batzuetan, eta noizean behin bi ahizpek beren gogoetak plazaratu baitituzte agertokiko mutur banatan zeuden mikrofonoetatik. Azkenik, ohartxo bat ahots naturalei dagokienez: intonazio, ahoskera eta modulazio onekoak izan dira, baina bolumena apal-apala izan da denbora osoan, eta horrek funtsezko indarra kendu dio emakumeengan zentraturiko lan estimagarri honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.