'Elur bustia'

Luma fin ezaguna

Idazlea: Pello Lizarralde. Argitaletxea: Erein.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eleberria baino gehiago, narrazio luzea da Lizarralderen azken lana. Tramaren protagonista pertsonaia bat bakarra da, eta haren ibilaldi luzea da hari nagusia. Istorioa aldirietan hasten da, pabiloi artean, eta horrek markatzen ditu bai istorioaren, bai pertsonaiaren izatea. Protagonistaz ezer gutxi dakigu, hemen eta orain non dabilen suma daiteke, baina ez da erraza nondik datorren eta nora doan antzematea. Mugimendu etengabean dabil. Ez dakigu zerk daragion, apenas zer daukan gogoan. Hegoaldera doala dakigu doi-doi. Beraz gain, agertzen diren beste pertsonaia guztiak bigarren mailakoak dira: protagonistaren bidera irteten diren neurrian ikusten ditugu, eta batzuk aldeko eta besteak kontrako gertatzen zaizkio. Hondoko paisaia gisa, egoera soziala agertzen da, krisia eta, argi esateko, diru falta, bistakoa baita protagonista diru behar gorrian dagoela —nahiz patrikako telefonoa badaukan—.

Tramak Lizarralderen literaturan ohikoak diren osagaiak dauzka, eta halaxe kontamoldeak ere. Lizarraldek ez du kontatzen, erakutsi egiten du. Ez dizu esango pertsonaia beldurtuta dagoen edo pozik, zeuk igarriko duzu haren portaeran; zeharka sumatuko duzu nolakoa den hura korritzen ari den mundua, nolakoa krisia eta gizartearen antolakuntza, nolakoak jendearen jarrerak eta arazoak. Are gutxiago egingo du balioespen moralik edo disertazio ideologikorik. Narratzailea behatzaile soila da —3. pertsonan kontatzen du, iraganaldian, ordena kronologikoan, elipsi eta analepsi txiki ugarirekin—, eta hortik sortzen da efektu zinematografiko indartsua. Isiltzen denak, beraz, erabateko garrantzia dauka kasu honetan. Gainera, ezkutuko horretan beti dago zerbait misteriotsu eta iluna —gotiko puntua dauka—.

Eta esaten ez denaren ondoan, detailismoa klabea da. Protagonista zentzuak erne dago, eta jasotzen duena zehaztasunez jakinarazten zaigu; noski, protagonistak hautematen duena deskribatzerakoan, idazlearen abildade parerik gabea azaleratzen da. Zolitasun apartekoz deskribatzen ditu inguruak eta ekintzak. Estiloan dotorea eta zehatza da, poetikotasun ongi neurtuarekin.

Elur bustiak, narrazio luze gisa, ez dauka inolako aitzakiarik.

Aldiz, perspektiba pittin bat zabaltzen badugu, egon daiteke bestelako baina bat. Liburu bat eskuan hartzean, titulua irakurri orduko hasten da irakurlea espektatibekin lanean: zer kontatuko dit, nolakoa izango da pertsonaia, nola amaituko da, etab. Espektatiben horizontea deitzen dio Harreraren Estetikak. Idazleak, berriz, badaki irakurleak burutazio horiek izango dituela, eta aurretiaz joka dezake irakurlearen horizontea nahastera edo konfunditzera. Baina ez da hori kasua: P. Lizarralde irakurri duenak amaiera irekia esperoko du ziurrenik, kontaketa zinematografikoa, ñabardurez josia… eta zerumuga horren ezaugarriak apenas aldatuko diren liburuaren azaleko irudia ikusten duenetik azken lerroraino. Hori izan liteke eragozpena irakurlearentzat.

Lizarralderen literatura ezagutzen ez duenak honezkero korrika behar luke dendara edo liburutegira bidean. Irakurri duenak ere bai, seguru asko; honek, halere, narrazio oso ona irakurriko duela dakien bezala, suma dezake istorioa nolakoa izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.