Emakumeen inguruko beste bi erretratuk hartu dute Berlinale

Pia Maraisen 'Layla Fourie' eta Callin Peter Netzerren 'Child's Pose' aurkeztu dituzte sail ofizialeko lehiaketan

Agentziak
Berlin
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Emakumetasuna edo emakumeen inguruko tematika leku nabarmena hartzen ari da aurtengo Berlinale jaialdian. Hego-Afrikako eta Errumaniako bi zuzendari gazteren filmak aurkeztu zituzten atzo sail ofizialeko lehiaketan, eta biek emakume baten inguruko erretratua zuten ardatz.

Pia Marais zinemagile hegoafrikarraren Layla Fourie-k Rayna Campbell aktorearen aurpegiari gertu-gertutik jarraitzen dio film guztian. Campbellek autoarekin istripuz gizon zuri bat harrapatzen duen ama beltz baten rola jokatzen du. Filmaren tramak thriller eta erromantzearen arteko bidea hartuko du, Campbellek August Diehl alemaniarrarekin biziko duena. «Gezur batek beti beste gezur bat dakar atzetik». Hori da Campbellen pertsonaiak esango duen esaldietako bat.

Hori da filmaren argumentu haria. Campbellen aurpegi eta erretratuaz gain, apartheid-aren osteko Hegoafrikaren erretratu apartak ematen dio indarra pelikulari. Oraindik gainditzeko dauden kontu eta hesien inguruan, eta zuri eta beltzen arteko amildegiez mezu subliminalak botatzen ditu filmak.

Callin Peter Netzer errumaniarrak emakumearen beste erretratu interesgarri bat egiten du Pozitia Copilului (Child's Pose) filmean. Luminitja Gheorgiu aktoreak lan bikaina egiten du, ama baten paperean. Gauzak zer diren, film honetan ere auto istripu bat izango da, baina kasu honetan, ume bat hil egingo da. Haurraren heriotza eragin duena ez da protagonista bera, baizik eta haren semea. Gertaera horretatik abiatuta, zuzendariak gidoi sendo bat eraikitzen du. Emakumeak egoerari aurre egiteko zein erabaki hartzen dituen azaltzen du.

Bi horiek izan ziren lehiaketan parte hartu zuten atzoko filmak, baina kazetarien arreta handiena Richard Linklaterren Before Midnight filmak eta Ethan Hawke eta Julie Delpy aktore protagonistek eskuratu zuten. Lehiaketatik kanpo aurkeztu zuten Before Sunrise (1995) eta Before Sunset (2004) lanekin batera trilogia osatzen duena. Aurreko bi lan horietan ere Hawke eta Delpy izan ziren protagonistak.

Hirugarren zatia zuzendariak eta bi aktoreek elkarlanean idatzi dute, sei eskutara. Maitasunari, bizitzari, jainkoari eta unibertsoari buruzko galderak dira istorioaren ardatz oraingoan ere. Bikote harremanetan eztabaidek eragiten duten higatzeak ere presentziahandia du. Filma idazteko orduan, hain zuzen ere, eztabaidarik ez dutela izan nabarmendu zuen atzo zuzendariak: «Ez dugu borrokarik egiten. Elkarlan zoragarri bat da, eta urte asko izan ditugu garatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.