Ibilaldiaren taupada, gertu

Maiatzaren 27an izango da Bizkaiko ikastolen jaia, Santurtzin. Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko du; azkenengoz 1995ean egin zuen

2018ko Ibilaldiaren aurkezpena, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun

2018ko Ibilaldia bertan da. Bi aste barru, maiatzaren 27an, urte osoan egindako lana erakutsiko du Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak. Taup! lelopean egingo dute, ikastola «euskara ponpatzen duen bihotz» bihurtuta. Ildo horretan egin dute lan aurreko hilabeteetan. «Urtean egindako lanak aukera eman digu ikasgelako mugak gainditzeko», azaldu du Andone Ruiz ikastolako zuzendariak. Hori guztia agerian geratuko da bi aste barru, Bizkaiko ikastolentzat berezia izango den egunean. Hain zuzen ere, 40 urte beteko ditu aurten Ibilaldiak.

Taup! oihuak ikastolaren «irudiarekin, esanahiarekin, ilusioarekin, grinarekin eta pasioarekin» bat egiten duela azaldu dute antolatzaileek. Halaber, leloak Bihotz Gaztea ikastolaren hezkuntza proiektuari ere erreferentzia egiten diola hausnartu dute: «barruari, sentimenduei» so egiten dien proiektua dela. Logotipoak ere horri erreparatzen dio: ontzi bihotz formadun bat da, Santurtziko ikur diren sardinez beteta.

Hogei urte baino gehiago dira Bihotz Gazteak Ibilaldia azkenengoz antolatu zuenetik. 1995ean izan zen. Epe horretan errotik aldatu da egoera. Orduko ikasle kopurua halako bi daude gaur egun matrikulatuta. Testuinguru berri horri erantzuten laguntzeko erronka du aurtengo jaiak. Izan ere, eskolaren proiektu berria garatu ahal izateko azpiegitura lortzera bideratuko da bi aste barruko festan bilduko den dirua.

Proiektua garatzeko baliabideak ez ezik, prestaketa lanek iraun duten bitartean Bihotz Gaztea ikastolak Santurtziko eragileekin elkarlana indartzen ere ahalegindu da. Lan hori etorkizunean mantentzeko asmoa agertu du Andone Ruiz zuzendariak, eta «hasiera puntu» gisa jo du aurrez egindako lan hori guztia. Udalaren laguntza jaso dutela nabarmendu du.

Ibilbidea, itsasoari lotuta

Ibilbidearen lehen gunea, Taup! izendatuta, Bihotz Gaztea ikastolaren ondoan egongo da, Mirabueno parkean. Familientzat eta umeentzat izango da, bereziki: jolasak, pailazoak eta giro lasaia egongo da. Ibilbidea herriko kaleetatik eta auzoetatik joango da, itsasotik gehiegi urrundu gabe. Beste hiru guneak Eskola Nautikoan, Portuan eta Mamariga kalean egongo dira. Ibilbide horretan Ze Esatek taldeak Ibilaldirako prestatutako kanta entzun ahalko da.

Antolatzaileek eskatu dute «taldekoa eta iraunkorra den garraioa» baliatzeko. Trenak ez ezik, autobusak ere jarriko dituzte Donostia, Eibar eta Gasteiztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.