Eusko Label eta Euskotren ligak

Hondarribia eta Tiran aurretik, baina oso estu

Kanporaketetan, emakumeetan, Hondarribiak 1,46 segundo ditu alde Tolosaldearekiko, eta gizonetan, 4,66 segundoan dira bost taldeak

Hondarribia ziaboga ematen, atzo Bermeon jokatu zen erlojupekoan. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sekulako berdintasuna izan zen atzo Euskotren eta Eusko Label ligetako kanporaketetan. Bermeon ez zen ezer erabaki, eta gaur argituko dira zalantza guztiak Portugaleten (11:40). Denborak oso argigarriak izan ziren: emakumezkoetan, Hondarribiak 1,46 segundo baino ez zizkion atera Tolosaldeari, eta gizonezkoetan, Tiran izan zen azkarrena; baina gainean dauzka Zarautz, Meira, Pedreña eta San Pedro, 4,66 segundoan baitaude bost traineruak.

Itsasoko estropada zuten atzo, erlojuaren aurkakoa, eta, olatuak dantzari ez bazebiltzan ere, haizea jostalari zegoen. Horrek zailtasun handiak eragin zizkien patroiei eta arraunlariei. Lanerako zegoen eremua, eta erosotasunak auzoan lagata. Euskotren ligako kanporaketak ekin zion tentsioz betetako estropada arratsaldeari. Cabo atera zen aurrena, Tolosaldea bigarren, Hibaika hirugarren, eta Hondarribia laugarren, liga nagusiko plaza defendatzen. Larri zen talde hori kanporako luzean; arin eta dantzan, aldiz, Tolosaldea. Izan ere, bost segundoko koska ere egon zen lehen erdian Tolosakoen alde. Ordurako, ikusten zen biren arteko estropada izango zela, Hibaika eta Cabo atzean geratzen hasita zeudelako.

Ziaboga bakarra mugarri izan zen gero. Tolosaldeak bizpahiru segundo bota zituen kareletik behera, pasatu egin zelako. Ez, ordea, Hondarribia, eta hiru segundora murriztua zeukan tartea. Bigarren eta azken luzean, Nerea Perez patroitzan duen taldea nagusitu egin zen. Tolosaldearen gainera joaten hasi zen, baita berdindu ere, eta azkenean 1,46 segundoko aldearekin amaitu zuen estropada. Hibaika 16,88ra sartu zen, eta Cabo, 19,88ra. Hortaz, gaur buruz burukoa izango dute atzoko lehen bi sailkatuek, sari bakarra duen estropadaren bila.

Tiranek ezustekoa

Gizonezkoetan, estropadaren aurretik, Zarautz eta Pedreña ziren faboritoak, eta ez zen gero izan zen berdintasunik espero. Are gutxiago Tiran izatea azkarrena. Baina hala gertatu zen. Zarautzek aurrea erakutsi zien beste taldeei kanpoko bi luzeetan, baina barrurako aurrenekoan, Pedreña joan zitzaion gainera, eta azkenekoan, Tiran. Haizeak eta norabideek ere eragina izan zuten bost taldeen lanean, ziaboga eskasen batek ere bai Meiraren kasuan. Kontuak kontu, gaur, bi sariren bila joateko era-eran dira talde guztiak. Erlojua izango dute epaile zorrotz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.