Isuntzak eta Donostiarrak lehen kolpea eman dute, eta igoeratik oso gertu daude

Lekeitioko taldeak ia eskura dauka Eusko Label ligako lekua, irekia dago bigarren lekua, eta San Juan KAE 1 ligara jaisteko zorian dago

Donostiarra ahalegin betean. J. F. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Alferrik izaten da gehienetan Eusko Label ligako kanporaketaren aurretik jardunean ibiltzea. Urtea joan eta urtea etorri, adjektibo erabiliena berdindua izaten da. Gero, zenbaitetan, eta aurtengoak balio beza adibide zehatz gisa, azaltzen da talde bat, eta txiki uzten ditu aurrez esandako iragarpen guztiak. Edo goian behar zuenak hondoa jotzen du, kontrako norabidean esanda.

Isuntza. Horra atzo Bermeoko izen nagusia eta gainerako abizen guztiak. Astindu latza eman zien Meira, Ares, Astillero eta San Juani, eta, oker ikaragarririk ez dela, eskura dauka datorren urtean Eusko Label ligan aritzeko aukera. 2005ean uretan galdu zuen lekua berreskuratzear da Lekeitioko taldea, hamahiru urte geroago. Hasi eta buka menderatu zuen atzoko erlojuaren aurkako estropada. Azkena irtetea tokatu zitzaion zozketan, eta hasi orduko, aurkari guztien denboren jabe zela, atzean utzi zituen guztiak.

Lehen ziabogan, lau segundo atera zizkien Aresi eta Astillerori, sei Meirari, eta zazpi San Juani. Itsasoa sutan egoten den lapikoko uraren antzera zegoen, alboko olatuarekin, eta arraunerako deseroso. Bost axola lekeitiarrei, luzez luze aldeak handituz joan zelako. Lehen postuak jabea izanik, bigarrena lortzeko lehia izan zen estua. Ares, Meira eta Astillero ibili ziren igoera emango duen bigarren lekua ziurtatzen hasi nahian, eta, Ares aurretik izan bazen ere aurreneko hiru luzeetan, azkenean Meirak jan zion bigarren postua, 0,92 ehunen eskasegatik. Isuntzak 18 eta 19 segundo atera zizkien bi galiziarrei.

Astillero erori zen lehia horretatik, KAE 1 ligako garailea. Laugarren izan zen atzo, Isuntzatik 25 segundora, eta galiziarrengandik zazpi eta sei segundora. Hala ere, aukerak ditu gaurko (Portugalete, 12:15 ETB1), bigarren eta azken jardunaldi erabakigarrirako. Aukerarik gabe San Juan geratu da ia. Eusko Label ligako ordezkaria hasieratik ibili zen atzean, eta zuloan bukatu zuen, Isuntzatik 40 segundora.

Donostiarra, ondo

Euskotren ligako kanporaketan, Donostiarra ETE ligako garaileak menderatu egin zuen liga nagusiko azkena, Hondarribia, 7,80 segundogatik. Hamar gehiago izatea ebatzi zuten epaileek, hondarribiarrek estatxa garaia baino lehen askatzeagatik, baina azkenean, baliorik gabe utzi zuten zigorra. Gaur erabakiko da bietako zein ariko den datorren urtean Euskotren ligan, Portugaleten (12:00, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.