Arrauna. Eusko Label eta Euskotren ligak

Aresek eta Hondarribiak ondo bideratuta utzi dute

Kanporaketetan, Aresek gertu du Eusko Label ligara igotzea, eta Hondarribiak Euskotren ligan segitzea, atzo aurrenak izan eta gero

Hondarribiko prestatzailea arraunlariak zoriontzen, atzoko estropadaren ondoren. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Traineruen Kluben Elkarteko bi ligetan, kanporaketa eguna izanzen atzo Bermeon (Bizkaia). Eusko Label ligakoan Aresek eta Zarautzek hartu diete aldea Deustu, San Pedro eta Tirani; Euskotren ligakoan, berriz, Hondarribia dago Hibaikaren eta Zumaiaren aurretik. Gaur erabakiko da dena, Portugaleten (Bizkaia, 11:40, ETB 1), bigarren eta azkeneko jardunaldian, erlojuaren aurkako lehian, atzo bezala.

Itsaso txukun samarrarekin ekin zioten lanari atzo Bermeon, eremu horretan hain ohikoa den alboko olatua azaldu bazen ere. Haizeak bakea eman zien arraunlariei, eta arraunean eroso samar egiteko moduan izan ziren. Zumaia izan zen emakumeen lanari ekiten aurrena, eta, hirugarrena izan bazen ere azkenean, lan oso ona egin zuten Kike Manterolaren arraunlariek. Kontxako bi estropadetan onena eman ezinda aritu eta gero, taldeak gaitasuna erakutsi zuen buruko zama arintzeko, eta oso estropada duina egin zuen.

Halere, ez zion balio izan Hondarribiarengandik gertu bukatzeko, hamahiru segundoko koska atera baitzion Zumaiari atzoko garaileak. Lan aparta egin zuten Iker Kortesen arraunlariek atzo ere, Kontxako bigarren igandekoari segida emanez, eta esku-eskura daukate liga nagusian jarraitzeko aukera. Hibaika du gertuen, baina zortzi segundo atzetik, eta gaur errenteriarrek koska hori gainditzeko aukera duten arren, ezuste kutsua hartuko luke saria lortzeak. Gertatzen dena gertatzen dela, Hibaikak ere lan handia egin zuen atzo, uda osoan bezalaxe.

Ares eta KAE 1eko biak

Gizonezkoen jardunean, Aresek bete egin zituen aurreikuspenak, baina ez Kontxako sailkatze estropadan atera zituen aldeekin. Oso esanguratsua da zentzu horretan atzo Zarautzi bi segundo bakarrik atera zizkiola —lehen ziabogan, Eizagirre aurrekalaria hankaz gora erori zen, denbora galduz—, eta sei Deusturi. Atzeraxeago geratu ziren San Pedro Eusko Label ligako ordezkaria, hamar segundora, eta Tiran, 11ra.

Denbora horiekin dena irekia dago gaurko, baina Aresek du hogeita hamaika eskutik. Bere mailari eusten badio, liga nagusira igo behar luke. Haren atzetik Zarautzek eta Deustuk lehia estua izango dute bigarren saria lortzeko, eta ezin dira baztertu beste biak ere, zail badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.