maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Probatu ez duenak...

2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aldapa gogorrak, banderolak, su-zuziak, dantzak, hitzaldiak, irriak, kontzertuak, muxuak, aldarrikapenak, mozkorraldiak, hunkidurak... Eta ajeak, nostalgiak, txandak, agurrak... Hiru egunez gertatu da zerbait Zornotza eta Igorre artean. Milaka gazte elkartu dira Ernaik eta Aitzinak antolaturiko Gazte Akelarrean, sugarren dantzan independentziaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu asmoz.

Bertan egon ez zirenentzat, ordea, irudipena dut lau haizeetara zabaldutakoa baino haizeak eramandako mezu bat baino ez ote den izan hiru eguneko ekimen handia. Gazte batzuek egindako festa hutsa, eta gazte gutxi batzuek soilik. Esaera bat bada: zaratak hamalau. Urrutiko intxaurrak, gerturatu eta lau. Bestela ez dut ulertzen komunikabide batzuen trataera eskasa: gazteek «ongi pasa» eta «asko ikasi» dutela topagunean, udalekuak bailiran, eta ez aldarrikapenez beteriko asteburu bat bide batez, gazteen ekintza politikorako gaitasuna infantilizatuz.

Gure herrian berriz, hogeita hamalau segitzen du esaerak, eta hala da bai, ene ustez. Erranen bainuke hogeita hamalau baino gehiago ere izanen zirela hiru egun horietan hitzaldi eta tailerretan ikasitakoak, trago artean egindako lagunak, kanpin dendetan amestutakoak, suaren bueltan dantzan sentitutakoak eta herri bezala sinetsitakoak. Itziar Aizpuruaren hitzartzeak emandako indarrak ere bai: «Zuek, gazteok, etorkizuna ez, oraina zarete».

Egia da bai mundua ez dela konpontzen hiru eguneko topagune batean. Baina beste muturrean dago hor zehar irakurritakoa. Kontsolamendu bat badut, behintzat: gaur egungo gazteek ez dietela hainbeste begiratuko komunikabide nagusiei, eta, zerbaitekin gelditzekotan #GztAkelarrea traoleko mezuekin ala Facebook-eko argazkiekin oroituko direla. Gainontzeko guziak soluzio handiagorik ez du... Abestiak segitzen duen bezala: probatu ez duenak, ez daki zer den hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.