maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Zenbat urrats?

2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Urtero bezala Senpereko aintziran izan ginen joan den igandean, eguzkia lagun, bestarako gogoz eta giro ederrean. Eman genion itzuli sakratua zazpi lurralde irudikatzen dituen lakuari. Pilatu ginen Nafarroako gunean hautsa harrotuz kontzertuetan. Edan genituen garagardo, ur botila eta liranja jusak karpako edari guztia bukatu arte. Jan genituen gurasoen eskuekin prestaturiko xingar taloak. Ikusi genituen aspaldiko lagunak, eta eman genien elkarren berri bafleen azpian belarri eta eztarriak lehertu arte. Erosi genuen tixerta berri bat edo bertze. Finean, gustura egon ginen bertze urte batez, eta nekez abiatu ginen etxera iluntzen hasi orduko, baina berriz itzultzeko aginduz: «Ez adiorik, Herri Urrats. Heldu den urtera arte!».

Bertze anitzentzat bezala, urteroko zita da guretzako ere maiatzaren bigarren astekoa, euri zein eguzki, azterketa zein neke... etxean ezin gelditu halako egun handi batez. Haurren Xokoan dut lehenengo oroitzapena: puzgarrietan saltoka, gurasoak aspertu arte. Pegatinak saltzen hurrengoa, 11 bat urterekin. Gero, bertso-eskolako lagunekin oholtza gainean, korapiloa tripan zortziko txikia ezin osatuz. Ondotik, lakuko bainuak, lehen mozkorraldiak, Berri Txarrak-en kontzertu eder hura...

Segitzen dut gozatzen orain ere, eta miresten urtez urte txandak egiten eta antolatzen aritzen diren aitak eta amak, irakasleak... Kezkaz bezala begiratuz, halere, urtetik urtera besta hau antolatzera bultzatzen gaituen beharrari. Ziburuko ikastola, Basusarrikoa, lizeo berria orain... Handituz eta handituz doan proiektuari erantzuteko aski ote den. «Urtero bost Herri Urrats beharko genituzke», Paxkal Indoren esaldiak, oroitzapen lausotan bezala, baina buruan errepikakor. Aldatu diren arren gobernuak, badugun arren Euskal Elkargoa... Zenbat lelo gehiago asmatu beharko ditugu? Zenbat kantu? Zenbat bertze Herri Urrats?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.