Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ezezkoa

2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Karteletan zergatik ez gauden galdetzen dizuegunean, denetariko erantzunak ematen dizkiguzue. Inoiz esan diguzue zenbait gairen inguruan dakien emakumerik ez dagoela. Ekartzen dituzue mundu guztiko hogei gizon Euskal Herrira, esate baterako, astrofisikaz hitz egitera; eta pentsatzen duzue sinistu egingo dugula, mundu horretan guztian ez dagoela emakume bakar bat ere gizon horietako batek adina, gutxienez, badakienik. Beste erantzun bat izaten da jendea ezin dela kargu batean jarri emakumea delako bakarrik: balio duten pertsonen alde egin behar dela. Eta nola esplikatu, enegarren aldiz, gizonak ere gizonak direlako egoten direla zuzendaritza karguetan? Badirudi guri mesede bat egitearren deitzen zaigula kantatzeko, hitz egiteko edo edozertarako, eta gizonek meritu propioz irabazi duzuela okupatzen duzuen espazio guztia: baita metroan kentzen diguzuena ere. Eta orduan esaten diguzue deitu diguzuela, baina emakume askok ez dutela proposamena onartu. Hala da: neuk ere azken boladan behin baino gehiagotan esan dut ezetz. Baina ez al diozue inoiz, behin bada ere, zuen buruari galdetu zergatik esaten dugun ezetz? Ez, inork ez du ezetz esaten umeak dituelako. Agian gure militantzia eredua, edo konferentzia antolatu dugun ordutegia edo aretoa dira desegokiak umeak dituztenentzat. Ez, ez dugu ezetz esaten ausartzen ez garelako, gure gaitasuna etengabe kuestionatzen duzuelako baino. Ez, ez dugu ezetz esaten erabakirik hartu nahi ez dugulako, baietz esaten dugunean bazter batean uzten gaituzuelako baino. Ezetza ezetza da, beti. Hala ere, zenbat hobeto biziko ginatekeen, ezetz esaten dugula eta gero lekua erreklamatzen dugula eta ez dakit zer eta badakit zer esaten ematen duzuen urrezko denbora hori guztia ezetz esateko ditugun motiboak ulertzen eta desagerrarazten emango bazenute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.