maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

ETA dela-eta

2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakaria Kataluniara joan berri zaigu Hipercorreko atentatuaren harira: ekintza zorigaiztoko haren urteurrenean ETA deitoratzera, hildakoak omentzera, eta, bidenabar, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin biltzera. Gezurra dirudien arren, ohiz kanpokoa izan da bisita. Urkullu ez baitzen joan Kataluniara estatutu proiektua kamustu zutenean, Diadara ere ez, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako parlamentuaren erabakiak bertan behera utzi zituenean ere ez zen agertu. Urkullurentzat azken urteotan Kataluniara bertaratzeko moduko arrazoirik ez da egon duela 30 urteko ekintza hura baino.

Egindako bisita laburrean kataluniarrek hartutako bideari babes argirik ere ez dio erakutsi, gainera: «errespetua» baino ez, eta hori, haren hitzetan. Euskal Herria independente ikusi nahi genukeenok Kataluniari begira gaudenean, Lehendakaria bide erdira atera eta predikari hasiko balitzaigu bezala: «Pekatari euskaldunok, erruki zaitezte eta gogoan izan gure penitentzia amaigabea: ETA».

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariari ez baitzaio inporta ETAk armak utziak izatea. EAJk, espainiarrek bezala, beti ETA baitu aitzakia. Eta hortxe paradoxa: Euskadi askatzeko Sabino Aranak sortutako alderdiak, haizeak alde daudenean ere, nahiago duela dependentismoa, independentismoa baino. Nahiago du akordioak egin Euskal Herria ez-askatzea eta Kataluniako prozesua indarrez eragoztea helburu duten PP eta PSOErekin —horrek ekarriko dituen ondorioekin—. Eta haren ahots monotono eta lineala norbaitekin igotzekotan, soilikindependentistekin edota erabakitzeko eskubidearen aldekoekin egiten du.

Abandoarra bizirik balego, harrituta —edota oso haserre— legoke bere alderdiarekin. Oso argia ez baita izan behar ikusteko etorkizunari begira baino gehiago iraganera so egotea ez dela ETAren errua, borondate politiko falta baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.