Manex Agirre.
LARREPETIT

Denborak

2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoaren tamainako izotz puska doa askatzera Antartikan, eta gertaera geo-zientifiko gutxi egongo dira, EAEren aipamen zorioneko eta guzti, poesia merkerako hainbeste aukera ematen dutenak. Ez naiz arakatzen aritu, baina egongo ziren aipamenak bazterretan: Badoa gure forutasuna, euskal oasia, bere burua urtu beharrean, edonora eta inora ez, jitoan; edo hobe EAEren tamainakoa baino, Kataluniaren tamainakoa balitz, errealistagoa bailitzateke haustura; edo bestelako zera burutsuren bat.

Ordea, eta jakinik poesia merkea ez den beste ezer egiteko gaitasun urria dudala, icebergaren kontu erakargarri horrek hemen, Larrepetiten, bestelakoak iradoki dizkidala botatzera noa. Adibidez, izotza sakon-sakonetik hausten entzutea bezain hots eder gutxi daudela (badirudi hezurduraz osatuak direla izozmendiak, krakatekoak entzunda); haustura, berez, soinuzkoa baita gehiago, ikusmenezkoa baino (zerbait hausten dela irudikatzeko, soinua erabiltzen dugu beti, ez begirada). Edo, bestela, okurritu ahal zaigu iceberg batek berezko pertsonalitatea duela, edo halako txotxolokeriaren bat, eta hautatu egingo duela, behin kontinentetik askatuta, nora joan (nik, aukera hori banu, hegorantz egingo nuke zuzen, Antilletako itsaso epelen batean nire burua urtzen uztera, palmerak eta jauretxe kolonial koloretsuak bizitzan behin ikusteagatik bakarrik). Edo, iceberg hau askatzea lurraren berotze sistematikoaren errua den edo ez eztabaidatzen ari diren bitartean, alferrekoa dela gauza batzuen arrazoi bila aritzea, utzi egin behar zaiola bizitzari pasatzen, batez ere udan, nola iradokitzen duen W. H. Auden-en poema eder hark (maisuki, J. Olasagarrek itzuli eta Gailü taldeak musikatua): «Haizeak jotzean nonbaitetik etorri beharko du/ Arrazoirik izan behar du hostoak zimeltzeko/Denborak, erran nizun, ez du deus esanen.»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.