maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Aske maite haut

2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Harrabotsa sortu zuen joan den otsailaren 14an gazte mugimenduko hainbat neska taldek bultzaturiko kanpainak. Kontsumismoak bultzaturiko egun horren kontra egin nahian, honela zioten erabilitako lelo batzuek: San Valent(h)il, jo eta bertan hil! Haserrea sortu zien kanpainak askori, ezin ulertua beste batzuei. Gustatu ere eginen zitzaien mugimendu feministaren bueltan aritzen diren herritarrei edo beste jende ugariri, baina onartu behar dut ni ere ez ninduela erabat konbentzitu leloak, edo, agian, hein batean ulertzen nituela gustuko izan ez zutenak.

Maitasun erromantikoaren eta hark bultzatzen duen guztiaren kontra egiten zuen leloak, noski. Azkenaldian asko zabaldu baitira ideologia horrek dakartzan mitoen (laranja erdiarena, betierekotasunarena...) eta indarkeria matxistaren arteko loturak, besteak beste.

Arazoa, ordea, maitasun erromantiko toxiko hori eta beste maitasuna ezberdintzearen artean dago. Kontua ez baita maitasunaren aurka joatea. Ene ustez, sentimendu horren aurka joatea norbere buruaren aurka egitea izan baitaiteke, azkenean. Denok sentitzen ditugulako tximeletak sabelean, denoi atera izan baitzaigu irribarre tuntuna maiteminduta gaudenean, denok egoten garelako gustura maite dugun horren aldamenean. Eta, alderantziz, denok sufritzen baitugu nahi baino gehiago kalabaza bat jasotzerakoan edo maitasunaren sentimendua aldebikoa ez denean.

Horregatik gustatu zait hainbeste Euskal Herriko Bilgune Feministak ekainaren 28aren harira ateratako leloa: Aske maite haut. Maitasuna dagoela eta egon behar dela ukatzen ez duelako, baina aldi berean bistaratzen dituelako maitatzeko forma eta subjektu ezberdin eta pluralak: familia eredu diferenteak, bikote homosexualak, bikote ez direnak, askotariko sexu praktikak... Izan neska, mutil, trans, bollera, gazte, zahar, lodi, argal... Asko maite dezagun, aske maita dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.