Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Lanak aske egingo zaituzte

2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Solidoa da airea Auschwitzen; isiltasuna bera burrunda mingarria da, eta itogarria eremu hotza. Irakurketez, filmez eta itzalez bete beharra dago hustasuna zerbaitek zentzua izan dezan. Nahita dago horrela utzia: izuaren museoa da Auschwitz I, eztarritik heltzen dizun atzaparra da Birkenau. Ez da han, Gernikan legez, bizitzarik piztu errautsetatik.Hain da itogarria dena, non bisitariak ez duen argazkirik lasai aterako. Birkenaun selfy bat egitea krimen morala da. Eta hain zuzen ere, hustasun horrek sermoirik behar ez duelako zaizkit eramanezinak eskurtsio ofizialak eta hauen promo buztanluzeak.

Hitzak hil egiten direlako Auschwitzen. Sarraskiaz mintzatzea ez da nahikoa, faxismoa hitz errazegia da. Auschwitzen (Allianz konpainiak zien egina asegurua), nazien gainerako kontzentrazio esparruetan bezalaxe, lanerako erabili izan ziren presoak. Bistan da, ekoizpena azkartzeko eta inoren aberastasuna edertzeko. Horra kapitalaren logika trostan gerraren erdian. Txarrantxa bestaldean, IG Farben enpresa kimikoan ziharduten Auschwitz-Monowitzekoak, nahikoa da Primo Levirekin gurutzatzea errepidea. Eta IG Farbenen parte ziren Bayer, Agfa eta Basf. Dachau-koan BMW baliatu zen eskulan doanekoaz. Krupp-ek Buchenwald-eko gatibuak erabili zituen, eta Shellek eta Volkswagenek Neuengamme-koak. AEGk Rigakoak, eta Siemensek... edonongoak, milaka eta bat gehiago. Sachsenhausen-en, berriz, gau eta egun oinez ibiltzera behartzen zituzten gatibuak horretarako beren-beregi egindako pista batean, leher eginda hil arte. Oinetako zolek zenbat iraun zezaketen jakin nahi zuten, enpresak zituzten zain.

Hori du Auschwitzek, hitzek ez dutela nahikoa oxigenorik bizitzeko. Arbeit macht frei. Isiltasuna salaketa da: nazismoa ez da deabruaren asmakizun abstraktua,produkzioaren apostoluek ez dute inoiz barkamenik eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.