EAEko Arartekoak leku gehiago eskatu du egoitzetan adingabe migranteentzat

Hiru aldundiei eskatu die «elkarlanerako protokolo bat» abiarazteko, sortzen diren beharrei «era koordinatu eta solidarioan» erantzuteko

Familia gabe migratu duten adingabe atzerritarrak hartzeko Bizkaiko Aldundiak Zornotzan duen zentroa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
EAEko Arartekoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei eskatu die indartzeko familia gabe migratu duten adingabe atzerritarrei bideratutako harrera sarea. Manuel Lezertua arartekoak zehaztu du egun hiru herrialdeetara heltzen diren adingabeei sarbidea ematen zaiela, baina etorkizunean gutxi izan daitezkeela egun egoitzetan dauden tokiak, baita emantzipaziorako programak ere.

Arartekoak iaz hasi zuen familia urrun duten adingabe migratzaileentzako harrera zentroen egoera ezagutzeko ikerketa. Zornotza (Bizkaia), Bideberria (Araba) eta Ubako (Gipuzkoa) zentroak ikuskatu zituen. Horrez gain, aldundietako ordezkariekin elkarrizketatu zen. Datuak bildu ondoren, Lezertuak ezagutarazi du azken urteetan gero eta baliabide gehiago behar izan direla haur eta nerabe horien beharrei erantzuteko. Are gehiago, administrazioek artatzen dituzten adingabe migratzaile kopuruaren bilakaera aztertuta, iragarri du zenbatekoa mantendu edo handitu daitekeela. Horren aurrean, etorkizunean ikuspuntu zabalagoarekin lan egin beharko litzatekeela adierazi du, aldundien arteko elkarlanaren bitartez.

Elkarlanerako tresna

Hori garatzeko hiru foru aldundien arteko protokolo bat abiarazteko aukera jarri du mahai gainean. Hartara, adingabeen beharrei «modu koordinatu eta solidarioan» erantzuteko aukera egongo litzateke. Are gehiago, gogorarazi du 2008ko dekretu batean jasota dagoela protokolo hori sortzea.

Horrez gain, EAEko Arartekoak gogorarazi du hiru zentro horiek sistemarako sarbideak direla. Alegia, egoitzetan lehen harrera egiten dela, eta, ostean, adingabeak bestelako programa batzuetara bideratzen dituztela. Beraz, zentro horiei buruz egiten diren hausnarketak eta proposamenak arreta sare osora zabal daitezke.

Ikertu dituen hiru zentroen egoera ezberdina dela azaldu du Arartekoak. Zornotzakoari buruzko txostena da zabalena, 2017ko abenduko gertakariek eraginda, hein handi batean: zentroari su eman zioten bertan bizi ziren gazteetako batzuek, eta hustu behar izan zuten. Arartekoak hausnartu du gertakaria prozesu baten ondorioa izan zela: denbora gutxian nerabeen kopurua asko hazi zen, horrek ekarri zuen heziketa lana ezin gauzatzea, eta, ondorioz, «gorabeherak eta istiluak sortzeko arriskua». Lezertuak gaineratu du gertakari hark agerian utzi zuela «prebentzioaren garrantzia».

Zornotzako zentroko langileen egoera ere jaso du Arartekoak txostenean, batez ere 2017ko sutearen aurretik egindako bisiten ondorioz. «Eskarmentu eta inplikazio handiko» profesionalak direla aitortu, baina «nekatuta» zeudela zehaztu du, eta horrek haien esku hartzeetan zuzenean eragiten zuela gaineratu. «Langileen egoera pertsonala okertu egiten da, eta murrizten da adingabeen heziketa eta terapia prozesuan laguntzeko gaitasuna». Egoera hori zuzentzeko, lan baldintzez gain —ordainsariak, ratioak...—, lanaz hausnartzeko eta taldean aritzeko espazioen beharra dagoela ere adierazi du.

Plaza gehiagoren beharra

Bideberrian eta Uban egindako ikuskapenetan, Arartekoak atzeman du zentroak aitortuak dituen lekuak baino adingabe gehiago daudela. Dena den, nabarmendu du Bideberrian dauden gazteek bizi baldintza egokiak dituztela, bai lo egiteko, bai otorduetan eta bestelako oinarrizko beharretan. Are, gaineratu du langile gehiago ere kontratatu direla. Hala eta guztiz ere, langileek onartzen dute «ezinezkoa» dela «kalitate maila berean lan egitea» gazte kopurua dela eta.

Lezertuak egoera bertsua nabaritu du Ubako zentroan. Eraikinerako ezarritako gehienezko edukiera baino toki gehiago daude, alde txikiarekin. Edonola ere, beharretara egokitu dituzte baliabide materialak, baita giza baliabideak ere. Dena den, Lezertuakazaldu du langileak «gehiegizko esfortzua» egiten ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.