Albistea entzun

Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Euskal Herriko erreakzioak

Berria -

2013ko martxoak 7

Alexander Ugalde EHUko irakaslea

«Bere politikaren gakoa izan da herrialdea kualitatiboki eraldatzea neurri ekonomiko eta politikoen bitartez. Berezko kanpo politika bat egitea lortu zuen Chavezek, autonomoa, Venezuela mapetan egotea ahalbidetu duena. Gainera, integrazio prozesuak proiektu izatetik errealitate izatera igaro ziren hari esker».

Gontzal Martinez Komite Internazionalistak-eko kidea

«Galera handia da ezkerrean borrokatzen ari garenontzat, baina Venezuelako mugimendu politikoa jende askok eraikia da, eta Chavez hilda ere, haren ekarpen politikoek iraungo dute. Psikologikoki gogorra da proiektu horren burua hiltzea, baina egitura oso finkoak ditu proiektu horrek».

Fakun Aznarez Askapenako kidea

«Bere bigarren independentzia lortzeko bidean jarri du Venezuela. Chavezek eta bolivarianismoak bide bat zabaldu zuten. Integrazio panorama erabat garrantzitsua da Latinoamerikan egun zer gertatzen den ulertzeko».

Gonzalo Fernandez Hegoa institutuko zuzendaria

«Latinoamerikako integrazio prozesuari eta herrialdeen emantzipazioari bultzada eman zion. Sortu diren egituren bultzatze lanean Venezuelak indarra galduko balu, beste herrialde batzuetako prozesuek izan dezaketen ahalmena mugatu egingo litzateke».

Alternatiba

«Asko sentitzen dugu Hugo Chavezen heriotza, herrien eta jazarritako pertsonen eskubideen defentsan borrokalari nekaezina. Hamalau urtean Venezuelako Errepublika Bolivartarraren Gobernuan eginiko lana aintzat hartzekoa da».

Iñaki Anasagasti EAJko senataria

«Soilik desio dut gertaerak joan behar duten bidetik joatea Caprilesek eskatu duen moduan, eta deitu beharreko bozetan MUDeko hautagaiak irabaztea. Gaur, Chavezekiko errespetua, doluminak familiari, gobernuari eta boto-emaileei».

Sortu

«Hugo Chavez Venezuelako lehendakariaren heriotza dela eta, Sortuk bere doluminik sentikorrenak adierazi nahi dizkio bere familiari, indar bolivartarrei eta Venezuelako gobernu eta herri osoari. Hugo Chavezen heriotzarekin buruzagi aparta joan zaigu, Latinoamerikaren batasuna eta XXI. mendeko sozialismoaren aldeko borrokalari nekaezina».

Aralar

«Chavez funtsezko figura izan da Hego Amerikako politikaren eta soziologiaren berdintasunerako egiten ari diren urratsetan. Oso pertsona garrantzitsua izan da Venezuelako herriarentzat, ezkerreko baliorik oinarrizkoenak indarrean jarriz herritarren oinarrizko eskubideak bermatzen eta berdintasunean sakontzen jakin izan duelako».

LAB

«Chavez joan da, baina Venezuelako sektore sozial kaltetuenen alde eginiko ekarpen politiko eta sozialek iraungo dute, Latinoamerika justuago baterako aldaketa politiko eta sozialak iraungo duen bezala».

ELA

«ELAk bere egiten ditu iraultza bolivartarraren balioak, eta balio horien lorpenetan Hugo Chavezek egindako lana aintzat hartzen du. Venezuelako herritarrek Chavezek defendatu zituen bake eta justizia sozialaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezatela desio du ELAk».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...