Kuba. Erreleboa boterean

Aldaketarako lehen pausoa

Iraultza sozialistan parte hartu ez zuen belaunaldiko pertsona batek lehen aldiz hartuko du agintea. Espero bezala, Diaz-Canel proposatu dute presidente izateko, eta gaur da kargua hartzekoa

Kubako Biltzar Nazional berria eratzeko osoko bilkura egin zuten, atzo, Habanan, eta IX. legegintzaldiari hasiera eman zioten.
Kubako Biltzar Nazional berria eratzeko osoko bilkura egin zuten, atzo, Habanan, eta IX. legegintzaldiari hasiera eman zioten. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 19

Kuban iraultza egin zutenetik ia 60 urte igaro dira, eta hartan parte hartu zutenek agindu dute herrialdean 1959tik. Atzo, baina, aldaketarako lehen pausoa eman zuten. Izan ere, joan den abenduan iragarri bezala, Raul Castrok presidente kargua utzi du, eta, espero bezala, Hautagaitza Nazionalen Batzordeak Miguel Diaz-Canel azkeneko bost urteotan Kubako lehen presidenteordea izandakoa, alderdiaren eskaileran pausoz pauso gora egin duen kidea, proposatu dute ordezkatzeko. Hurrengo bost urteetan herrialdea gidatzekoa dena artean jaio gabe zegoen, Fulgencio Batista diktadorearen kontra borrokatu ondoren iraultza sozialistak irabazi zuenean.

Biltzar Nazionala osatzeko prozesuak gaur jarraituko du Habanan, eta gaur emango dute bozketaren emaitzaren berri. Gobernuko egitura goreneko, Estatu Kontseiluko, buru izateko proposatu dute Diaz-Canel, eta organo horretako buruzagia izaten da herrialdeko presidentea. Dena den, gaur emango dutena aldaketaren lehen pausoa besterik ez da. PCC Kubako Alderdi Komunistak 2016ko apirilean egin zuen azken kongresua, eta hartan adostu zuten Castro beste bost urtez, 2021 arte, izango zela alderdiko idazkari nagusia. Alderdiko buruzagia eta herrialdekoa pertsona bera izan dira Kuban 1976az geroztik, bain, xehetasun horren ondorioz, bien esku geratuko da boterea uhartean. Presidente berria, hori bai, indar armatuen komandanteburua izango da.

PCCko buruzagitzan mantenduz, Raul Castrok alderdiaren kontrolari eutsi ahal izango dio, eta, gainera, sor daitezkeen gorabeheren aurrean, boterean gertaturiko trantsizioa bermatzeko moduan egongo da. «Berritze bat egongo da, baina baita jarraitutasuna ere», adierazi zuen Bruno Rodriguez Atzerri ministroak, orain gutxi.

Joan den martxoaren 11n egin zituzten parlamenturako hauteskundeetatik eratorritako Biltzar Nazionaleko 605 diputatuek kargua zin egin zuten atzo—horietako 322, erdia baino gehiago, emakumezkoak dira—, eta, gainera, ganberako presidentea, presidenteordea eta idazkaria aukeratu zituzten osoko bilkuran. Esteban Lazo 74 urtekoak jarraituko du legebiltzarreko presidentea izaten. Dena den, aldaketa esanguratsuak gertatu dira Biltzar Nazionalaren egituraketan. Parlamentarien %54k, esaterako, aurrenekoz beteko dute kargua.

Aldaketarik nabarmenena, ordea, presidentetzan izango da. Raul Castrok bere anaia Fidel Castroren lekukoa hartu zuen 2008an —de facto bi urte lehenago, Fidel gaixotu zenean—, eta handik urte batzuetara erabaki zuen presidenteen agintaldiak bi legegintzalditara, hamar urtera, mugatzea. Belaunaldi berriei, iraultzan parte hartu ez zutenei, hortaz, aspaldi jakinarazi zien bere herrialdearentzako zein asmo zituen.

Eta Alderdi Komunistak jarraitu zuen herritarrek beraiek eskatu eta alderdikideek barneratutako herrialdearen irekiera prozesuarentzako urratsak egiten. 2011n erreforma ekonomiko, sozialak eta politikoak onartu zituzten, eta horietan sakontzea edukiko du helburutzat Diaz-Canelek, ideologikoki, betiere, iraultzak planteaturikoari segituz.

Kubak, iraultzak berak, kolpe latza jaso zuen 1991n, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zutenean. Hamarkada hura amesgaiztoa izan zen Kubako herritarrentzat zein agintarientzat, eta sozialismoa gauzatzeko moduan aldaketak egin behar izan zituzten, salbuespen gisa, nolabait esatearren. Duela zazpi urte onartu eta duela bi urteko kongresuan berretsitako erreformak, aldiz, beste molde batekoak dira, baina Castrok inoiz esan duen bezala, ezin dute, inondik ere, «nazioaren egonkortasuna» arriskuan jarri, eta debekatuta dago «aberastasuna pilatzea».

Erreformek eragiten diete nekazaritzari, sektore pribatuari, estatuaren enpresei, jabetza pribatuari, zergei, eta atzerriko inbertsioei, besteak beste. Horiek indarrean sartu zirenetik, estatistika ofizialek diote Kubako ekonomia % 2,4 hazi dela urtero. Gobernuak onartu izan du, ordea, igoerak %7koa izan beharko lukeela gutxienez, baldin eta herrialdea garatuko bada. Venezuela haren aliatua pairatzen ari den krisi politikoak, halere, ez dio horretan lagunduko.

Kubako agintariek egiten dutenaren kontra daudenen esanetan, erreformak ez dira nahikoa, eta boterean gertatuko den aldaketari, trantsizio epeari, errezeloz erreparatzen diote.

AEBekin, bai baina ez

Aldaketarik handienetakoa AEBekin izandako harremanean gertatu da —paraleloki, gainera, EB Europako Batasunarekin harremanak sendotu ditu—. 1960tik deseginda zeuden lotura diplomatikoak zein komertzialak berregin zituzten Castrok eta Barack Obama AEBetako presidente zenak, 2014an. Kubara bidaiatu zuen Obamak 2016ko martxoan, bostekoa eman zion Castrori, eta orduan iragarri zuen ez zekiela noiz, baina Kubari ezarritako bahimendua bukatuko zela, AEBetako Kongresuak horretarako ahaleginak egingo zituela.

Baina Donald Trump heldu zen Etxe Zurira, eta iazko ekainean adierazi zuen Kubarekiko politikan hartutako erabakiak baliogabetuko zituela. «Bahimendua betearaziko dugu», azpimarratu zuen. Hasteko, norbanakoek Kubara egindako bidaiak mugatzeko neurriak hartzeko prest dago. Astearen hasieran bertan Kubaren aurkako neurri gehiago hartuko dituela agindu du; neurriak zehaztu gabe, hori bai. Washingtonen eta Habanaren arteko harremanaren garapena eten du, beraz. Halere, AEBetako Estatu Idazkaria izateko izendatutako Mike Pompeok adierazi du berriro «talde diplomatiko bat» eratu nahi dutela Kuban.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Igor Susaeta

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna