Emakunderen tesietara gerturatuko dute legea, «lehentasuna» kenduz

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko taldeen arteko eztabaidatik aparte, Emakundek jarria du zaintza partekatuari buruzko ildoa. Zaintza partekatua propio arautzeko legerik ez dela behar esana du Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde horrek. Argi agertu da Kidetzak aurkeztutako proposamenaren kontra, banaketetan zaintza partekatua «lehentasunez» ezartzea proposatu zuelako. Planteamendua aldatuta, Emakunderen ildotik gertuago geratuko da legea, kasuak banaka aztertu beharko baitituzte, eta baldintza batzuk betetzen baldin badira ezarri zaintza partekatua. Izaskun Landaida zuzendariak adierazia du «beste aukera bat» dela zaintza partekatua, «kasuan-kasuan zorrotz aztertu beharrekoa».

Jardunaldi batzuk egin zituen Emakundek orain urte eta erdi, eta han finkatu zuen jarrera zaintza partekatuari buruz. Lehentasunez eredu hori ezartzea arriskutsua ere izan litekeela ohartarazi zuen, genero indarkeria gogoan. Areago, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna bermatzeko urrats gisa aurkeztea ere ez zuen bidezkotzat jo: «Berdintasuna ez da sustatuko zaintza partekatua egoteagatik, baizik eta adingabeak erantzukidetasunez zaintzeagatik, jaiotzen diren unetik bertatik». Adierazi zuen alde handiak daudela haurren zaintzan, zenbat emakumek eta zenbat gizonek hartzen dituzten baimenak seme-alabak zaintzeko. Hor ikusten du gakoa Emakundek: «Erantzukidetasuna ez da banandu ostean planteatu behar, seme-alabak jaiotzean baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.