Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Erreleboaren garaian

Publizitatea

Kultura

Erreleboaren garaian

Kamasi Washington eta Charles Lloyd saxo jotzaileek Donostiako 52. Jazzaldiaren belaunaldi aldaketa irudikatuko dute. Ostegunean hasiko da, 'Poem of a Cell' ikuskizunarekin
<b>Charles Lloyd. </b>Menphisko (AEB) saxo jotzaileak jasoko du jazzaldiaren saria.
Argazkia: DONOSTIAKO JAZZALDIA

2017-07-18 / Mikel Lizarralde

Izen berri eta historikoen, hazten ari direnen eta (ia) dena eman dutenen uztarketa. Azkeneko urteetan ohi izan duen moduan, Donostiako 52. Jazzaldiak generoaren historian itzal handikoak diren hainbat musikariren kontzertuak programatu ditu aurten, baina, horrekin batera, jazzaren orainaldia finkatzen ari diren musikarien aldeko apustua eginda. Apustu hori Trinitate plazara, jaialdiaren gune enblematikoenera, eraman du aurten, eta horren isla da han izango direla, besteak beste, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray eta Donny McCaslin. Azken hori izan ezik —50 urte ditu—, guztiak mende erdia betetzera iritsi ez diren musikariak. Baina, era berean, eta Miguel Martin jaialdiko zuzendariak dioen moduan, «erabat legendazkoak» diren musikariak ere joko dute jazzaldian, Wayne Shorterrek, Herbie Hancockek, Abdulah Ibrahimek eta Charles Lloydek esaterako.

Azken hori izango da, zalantzarik gabe, aurtengo jaialdiaren izen nagusietakoa. Saxofoi jotzaileak (Memphis, AEB, 1938) Donostiako Jazzaldia saria jasoko du, larunbatean, Trinitate plazan, ibilbide osoari egiten zaion aitorpen gisa. 1965ean sortu zuen bere laukotea Lloydek, eta handik igaro dira Keith Jarrett eta Jack DeJohnette, besteak beste. Oraingoan, laukote baten buru izango da Donostian. Lloydek badaki zer den Donostiako Jazzaldiaren saria jasotzea zer den, 2002an Elvin Jones mitikoa lagundu baitzuen, bateria jotzaileari saria eman ziotenean.

Hasiera ikusgarria

Formatu berezia izango du Donostiako Jazzaldiaren aurtengo hasierak. Ohiko Jazz Band Ball egingo da ostiralean Kursaalaren inguruan, baina horrek nolabaiteko aurrerapen heterodoxo bat izango du egun bat lehenago, Stefan Winter artista eta jazz zaleak —JMT zigilua sortu zuen bere garaian— Poem of a Cell: Tryptych of Love and Ecstasy ikuskizuna emango baitu Zurriolan. Maitasunari eta estasiari buruzko «gogoeta estetikoa» da, jaialdiaren arduradunen esanetan, eta 42 musikari bilduko ditu oholtza gainean, Winterren arabera, azkeneko 400 urteetako musika interpretatzeko asmoarekin. Proposamen ezberdina, zalantzarik gabe, jazzaldiaren lehen egunerako.

Ezberdina da, halaber, Kamasi Washington saxofoi jotzailearen lana. Jazz garaikideko artista inportanteenetako bat, inportanteena ez bada. Eta hori disko bakarrarekin, The Epic epiko bezain handinahiarekin —hirukoitza da—, lortu du Washingtonek, aurretik beste batzuek zapaldutako lurretan arakatuta, baina bide berriak irekita. Trinitate plazan joko du igandean, eta aurretik Donny McCaslin saxofoi jotzailea ariko da, hori ere belaunaldi berriko izen garrantzitsua. Trinitate da jazzaldiaren bihotza, eta han arituko dira Gregory Porter kantaria —2013an eta 2015ean ere izan zen—, ziur aski egungo jazz kantari gizonezko ospetsuenetakoa, eta Macy Gray, rhythm & bluesaren alorrean arituta ere, etiketak gainditzen dituen abeslaria.

Baina jazzaldia Trinitatea baino askoz gehiago da azkeneko urteetan. Kursaaleko auditoriumak, adibidez, jazz ikono eztabaidaezinak jarriko ditu oholtza gainean. Hasteko, Wayne Shorter saxo jotzaile mitikoak —Donostiako Jazzaldia jaso zuen 2007an— joko du ostiralean bere laukotearekin, eta astelehenean beste izar handi bat, Herbie Hancock pianista, arituko da agertoki berean. Ez du lehenengo aldia Donostian, baina oraingoan bere alderdirik elektrikoena ekarriko du. Jazz garaikidearen ordezkariak ere izango dira Kursaalean, Hiromi eta Robert Glasper adibidez, eta baita pop izar handi bat ere: Bryan Ferry. Bere azkeneko lanetan jazzerako jauzia egin du Roxy Music taldeko abeslaria izan zenak.

Ohi bezala, Zurriolako Agertoki Berdeak hartuko ditu kontzerturik jendetsuenak, eta hasteko, ostiralean, pop-rock musikaren azkeneko 40 urteotako izen ezagunenetako bat aurkeztuko du: The Pretenders. Chrissie Hyndek duela hiru urte jo zuen Donostian, Kursaalean bertan, eta orduko hartan bere izenpean argitaratutako lehen diskoa aurkeztu zuen. Orain, berriz, ospea eman dion taldearen izenarekin aurkeztuko da oholtza gainean.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Lizarralde Mikel Lizarralde

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak