Beste 27 lagun auzipetze bidean, zazpi urtez geldi egon den sumario batean

Espainiako Auzitegi Nazionalak haietako hogeita bi deklaratzera deitu ditu datorren asterako

Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitutako batzuk eta Aiert Larrarte abokatua, Donostian, atzo. J. C. RUIZ / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko 27 kide auzipetze bidean jarri ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008tik «sekretupean» egon den sumario bat berriz irekita, eta, defentsa abokatuek salatu dutenez, hori egiteko froga edota elementu berririk aurkeztu gabe. 27 horietatik 22k Madrilgo auzitegian deklaratu beharko dute astelehenean eta asteartean. 2007ko urrian Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioaren sumarioarekin dauka lotura ikerketak, sumario horretatik bereizitako auzi ekonomiko moduko bat. Delitu larriak leporatzen zaizkie ikerketapean dauden 27 pertsonei: «Talde terrorista» bati laguntzea —kasu honetan, orduan legez kanpo zegoen Batasuna alderdiari laguntzea—, kapitala zuritzea eta ondasunen ostentzea

Segurako edo 04/08 sumarioaren epaiketa abenduan hasi zen Auzitegi Nazionalean, eta 35 lagun daude akusatuen aulkian, EHAK eta ANV alderdietan edota ezker abertzalearen izenean aritzeagatik ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta. Astelehenean eta asteartean deklaratuko dute 22ek, eta bi egun horietan 04/08 sumariokoak ere izango dira Auzitegi Nazionalean, haien aurkako auzian, polizien lekukotasunak entzuten.

Abokatuei auziari buruzko balorazio bat egiteko eskatuta, Aiert Larrartek adierazi du beraiek ez dutela halakorik egiteko heldulekurik. «Ez dakigu zergatik —beste arrazoi batzuk bilatu beharko lirateke, baina ez juridikoak— Poliziak txosten berri bat egin du, eta ez du ez froga ez elementu berririk jarri mahai gainean. Orain, fiskalak berrabiarazi nahi du ikerketa, eta epaileak erabaki du 22 pertsona deklaratzera deitzea; fiskalaren eta epailearen kasuan ere oinarri juridikorik gabe», azaldu du defentsa abokatuak.

Etenik ez

Deklaratzera deitutakoen artean dago Idoia Aiastui, egun Sorturen Antolakuntza idazkari dena. Aiastuik azpimarratu du euren jardun politikoa eta publikoa eraman nahi duela auzitara fiskaltzak, eta horregatik ireki dutela berriz sumarioa. Gogoratu du 2008an «arrazoi beragatik» haietako batzuek deklaratzera deitu zituztela Auzitegi Nazionalera —besteak beste, EHAK alderdiaren bankuetako kontuetan izaniko diru mugimendu batzuengatik—, eta ordutik ez dutela berririk jaso, sumarioa «sekretupean» egon delako.

Aiastuik jakinarazi duenez, 27 pertsona horietatik bat preso dago —Gotzon Amaro—, «beste auzi politiko bat dela medio»; beste batzuk, beste auzi batzuetan ezarritako zigorrak osorik bete ostean, berriro jarri nahi dituzte auzibidean; eta beste batzuk absolbituak izan dira beste epaiketa batzuetan.

Zazpi urtez geldirik egon ostean, auzia berriz abiatzea «erabaki politikoa» dela uste du Aiastuik. Sortuko zuzendaritzako kideak azpimarratu duenez, auzitegiak ikerketa abiatu zuenetik «errotik» aldatu da Euskal Herriko egoera politikoa. «Ez, ordea, Auzitegi Nazionalean. Espainiako Estatuak errepresioarekin eta ukazioarekin estaltzen jarraitu nahi du gure herrian gertatzen ari den aldaketa». Aiastuik gogoratu du lau urte eta erdi igaro direla ETAk jardun armatua amaitu zuenetik eta kritikatu du ordutik Espainiako Estatuak ez duela urratsik egin konponbide prozesuaren alde. Gatazka luzatu nahi duela salatu du Aiastuik. «Guztia ETA da espainiar estatuaren argudio nagusia da oraindik ere. Zergatik? Gatazka egoera betikotu nahi duelako,eta horretarako baliatzen ditu, besteak beste, epaiketak eta jazarpen politikoa».

Deklaratzera deituak izan diren 27 kideen izenean, Sortuko kideak berretsi du haiek «epaiketa politikorik» gabeko herri bat nahi dutela, «behin betirako bakea eta konponbidea» nahi dutela, eta haien esku dagoena egingo dutela «immobilismoaren harria mugitzeko». «Indarrean dirauten salbuespeneko politika eta epaiketa guztiak amaitzeko premia azpimarratu nahi dugu; eta horretarako deia egin herritarrei eta eragileei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.