Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Deskubrituak deskubritzen

2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez al zaizu iruditzen zer poesia motarekin hazi, horixe idatzi behar dela? Nik ezin dut neure burua irudikatu sonetoak edokopla errimatuak idazten», esan omen zion ikasle poetagai batek Jorge Luis Borgesi 1971n, Columbiako Unibertsitatean antolatu zuten mintegi batean; eta Borgesek, orduan, zera erantzun, jolasgura txit serioz, edo seriotasun txit jostalariz: «Barkatuko didazu, baina bitxi samarra iruditzen zait zuri iraganak hain jakin-min txikia piztea. […] Iragan guztia baztertuko bazenu, arriskua izango zenuke lehendik deskubrituta dauden gauzak deskubritzeko». Borgesek uste osoa baitzuen —mintegi hartan esanakserio hartzen baditugu, behintzat— neurtitzekin hasi behar zutela olerkarigaiek beren jardun literarioa, forma tradizionalen babes arautuan, umeak bizikletan atzeko gurpiltxo motelgarri baina seguruekin hastea komeni den bezala-edo. Azken batean, ezer zizelkatzen hasi nahi izanez gero, itxuraz behintzat errazagoa dirudi harri-puska bat zizelkatzeak—bere masa solidoaren muga eta propietate logiko eta guzti—,zeruaren etereoa zizelkatzeak baino.

Poesia eta bertsolaritza bi diziplina ez guztiz baina bai oso diferenteak izaki, ez da oro har oso produktiboa biak konparatzen edo nahasten hastea —barkatuko didazue, beraz, atrebentzia—, baina kontu jakin honetan aproposa ere izan liteke gogora ekartzea, batetik, zer rol betetzen duen gai-jartzaileak bertso-saiorik gehienetan —bertsolariak gai librearen inonik gabeko lurraldetik lur zehaztuagoetara ekartzea—, eta, bestetik, nola bertsolari frankok aitortu izan duten neurriak eta errimak kaiola bezain askatzaile eta sorbide zaizkiela maiz: posible diren posibilitate posible guztien artean unitate bakan batzuk aukeratzeko laguntza; garun sarritan logikoegia bidezidor maiztuegietatik aldentzeko akuilu.

Mugak edergarri, zedarriak errazgarri.

Ez alferrik, neurri-errimetatik harago, Iban Zalduak ere berriki ohartarazia du bere blogean hibridazioaren —hots, genero literarioak nahastearen— arriskuez. Zer gertatzen da, izan ere, genero bat transzenditzeko libertatea hartzen denean? Genero baten eta beste baten edo batzuen saski-naski efektibo bat egitea denean asmoa? Bada, askatasun alimaleko horrek, edonondik edozer hartzeko aukera horrek, itxura denez, errazago ekarri ohi diola idazleari nahasbidea edo, beharbada, egokitasuna uhertzeko arriskua —egokitasun gisa ulerturik zera: testu bat zertarako sortu, helburu horixe betetzea—; edo, nahiago bada, ikuspegi onberago batetik begiratuta, hibridazioaren ondorioetako bat izan daiteke irakurleek zorrotzago edo, bederen, deserosoago epaitzea obra hibridoa, inork oso ondo ez dakienez gero zer espero behar den arau-orotasunaren —barka hiperbolea— ezereztasun ziurgabetik.

Akaso onberak izan behar genuke, beraz, Juan Luis Zabalak joan den astean txoko honetan aipatutako katu teorian abenturazale baina —kontuz: espoilerra— egiaz etxekoiarekin. Izan ere, denok gara hein batean berrizale, baina gutxi ausartzen dira izaten egiatan berritzaile; eta, ondo pentsatuta, ez da hainbesteko zoritxarra hori ere. Kurioski, oraintxe azaldu bezala, badirudi badela katu hori izan nahi ez duen sortzaile sorta ez txiki bat, bai gurean eta bai guretik kanpo: badirudi badela joeratxo bat, zedarriak kentzekoa ez bada, bai behintzat zedarriak lehen zeuden lekutik pixka bat edo dezente haragotzekoa, genero ustez zurrun zaharrak zartatzekoa —eta ez soilik literaturan, baizik eta baita gainerako arte-diziplinetan ere—. Topikoak, auzi honetan, erdirik ere ez ustel: aske sortu nahi du sortzaile orok. Hainbeste, ezen, poesian, gaur egun oso katu gutxi baitira etxekoiak, lotuak, hots, Borgesen aholkuari jarraikiz, poeta neurtzaile eta errimatzaileak. Egunen batean, ordea, deskubrituta zegoen zerbait deskubrituko dugu beharbada: poesia librea ez dela hain librea, edo halako zorakeriaren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.