Maite Martinez. Neurologoa

«Garunaren plastikotasuna uste baino handiagoa da»

NEUROLOGICARTSASSOC / BESTEAK

X. Martin -

2011ko apirilak 28
Sormenerako ezkerrak eskuinak baino trebeagoak direla esan ohi da. Maite Martinez (Ordizia, 1971) Donostiako Ospitaleko neurologo eta EHUko medikuntzako irakasleak ez du uste horrelakorik. Datu bat: bera ezkerra da.

Zergatik gara gehienak eskuinak?

Burmuina osotasun bat da, baina loturik dauden bi erdien bidez jarduten du. Hemisferio biek ez dute funtzio berdin-berdinak, eta bitxia da: indarra eta beste ahalmen batzuk modu gurutzatuan kontrolatzen ditugu. Hemisferio nagusia esaten diogu hizkuntzaren ekoizpenarekin eta ulermenarekin lotutako eremuak hartzen dituenari. Gehienek burmuinaren ezkerraldean dituzte hizkuntzaren zentro horiek; gehienak eskuinak dira. Baina ezker askok ezkerraldean dute, halaber, hizkuntzaren zentroa. Biztanleriaren %10-15 da ezkerra, eta, horretarako arrazoi biologikoak dauden arren, arrazoi kulturalak ere badira seguruenik.

Ezkerrek eta eskuinek modu desberdinean prozesatzen dute informazioa?

Ezkerrak adimentsuagoak eta kreatiboagoak direlako ustea zabaldurik dago aspaldian. Arte munduan artista ezagun asko ezkerrak zirela esan digute sarritan. Eta egia da hainbat informazio beste modu batean prozesatzen dutela, baita hainbat funtzio modu desberdinean azaltzen direla batzuen eta besteen burmuinetan, baina ez dago arrazoi zientifikorik ezkerrak adimentsuagoak direla esateko.

Haur txiki batek hitz egiteko gaitasuna edozein hemisferiotan gara dezake. Nola da hori?

Bizitzaren hastapeneko aroetan funtzio batzuen lateralitatea ez dago finkatua oraindik. Burmuinaren funtzioak garatzeko ahalmena dute hemisferio biek. Eta froga ugari dago: hemisferio batean lesioa izandako haur batek beste hemisferioan garatzen du normalean kaltetutakoan garatuko zuena. Seguruenera, gure burmuinaren plastikotasuna uste baino handiagoa da. Beraz, funtzio guztiak euren lekua dutela eta funtzio kognitibo batzuk soilik eremu jakin batzuei eragiten dielako ikuspegia erredukzionista dela esan daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna