Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Elkarrekin Podemos itun zehatzen bila ariko da oposizioan

enekoitz esnaola
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bizkaiko 25. aulkiaren aldaketa garrantzitsuaren berri izan aurretik egin dute EAJk eta Elkarrekin Podemosek hauteskunde osteko euren arteko lehen bilera, Bilbon, Sabin Etxean, eta han berretsi du Elkarrekin Podemosek oposizioan ariko dela Eusko Legebiltzarrean, baina «akordio zehatzak» bilatuko dituela, «modu aktibo batean» arituz. Astelehenean,Eduardo Maura Ahal Dugu-ko zuzendaritzakideak aurreratu zuen koalizioaren posizioa, eta horrek orain finkatu egin du hori, EAJrekin bilera egin ondotik prentsa ohar bat kaleratuta.

EAJtik Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakarigaia eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea izan dira batzarrean, eta Elkarrekin Podemosetik, Pili Zabala lehendakarigaia eta Nagua Alba Ahal Dugu-ko idazkari nagusia. Bilera «positiboa» izan dela adierazi du koalizioak. Dei egin du «politika ausartagoak eta sozialagoak» egitera, eta iragarri du horretara bideratu nahi dituela berak lorditzakeen akordioak, «batez ere herri akordioak».

Elkarrekin Podemos hirugarren indar geratu zen igandean, 75 aulkietatik 11 lortuta (botoen %14,83). «Umiltasunez aritu nahi dugu. Guretzat, garrantzitsua da legebiltzarrean sartzea. EAEn ari ginen politika egiten, baina instituzio nagusian egon gabe».

EAJ etzi, PSE-EErekin

Etzi PSE-EE hartuko du EAJk, Sabin Etxean, 12:30ean hasita. Jeltzaleen aldetik, berriro Urkullu eta Ortuzar egongo dira, eta, PSEtik, Idoia Mendia lehendakarigai eta idazkari nagusia, besteak beste. PSOEn asteburu hau ere petrala izango dute, barne zatiketagatik; parte bakoitzak bere batzarra egingo du gaur, eta ofizialean izango dira PSEtik ordezkariak.

Asteartean hartuko du EAJk azkeneko taldea: PP, 13:00etan. Legebiltzarrean ordezkaritza lortu dutenen artetik handienetik txikienera antolatu ditu bilerok.

EBBko buru Ortuzarrek astelehenean iragarri zuen azaroaren amaierarako osatu nahi dutela Eusko Jaurlaritza berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.