«Errepresio neurriak» bertan behera uzteko eskatu du EIPK-k

Erredakzioa
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Euskal iheslari politikoek sorterrira itzultzeko lehen urratsari ekin ziotenetik urtebete igaro dela, ohar bat kaleratu du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK). Ordutik, dozenaka iheslari itzuli dira sorterrira urteetako erbestetik, eta, horregatik, 2013ko ekainean Miarritzen aurkeztutako bide orriari jarraitzeko asmoa agertu eta gatazkaren konponbidearen alde «indarrak biderkatzeko» deia egin du EIPK-k. Hala, kolektiboak adierazi du irtenbidearen alde bidea eginez joateko ezinbestekoa dela iheslarien kontra erabiltzen ari diren «errepresio neurri guztiak» gelditzea.

Atxiloketa eta euroaginduak dituzten iheslarien aurkako eskaera judizialak eteteko eta «torturaren ondorioz» ireki diren prozedura judizialak bertan behera uzteko galdegin du EIPK-k. Halaber, 80ko hamarkadan munduko herrialde ezberdinetan deportatutako herritar guztiei Euskal Herriratzeko eskubidea aitortzea, «legedia arruntean artxibatuta beharko luketen prozedura judizialei» aterabidea ematea eta «iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka» irekitakoak ixteko unea dela azpimarratu du.

Baionako Adierazpena

Duela bi urte Miarritzeko adierazpena sinatu zutenetik, Espainiak eta Frantziak iheslarien aurkako «salbuespen neurri bereziekin» jarraitu duela salatu du EIPK-k, besteak beste, Europan eta Amerikan izandako atxiloketekin. «Eraso» horien inguruan, Euskal Herrian konponbide prozesua adostu eta bide horretan urratsak egitea ezinbestekotzat jo dute iheslariek: «Euskal Herriak bake iraunkorreko jokaleku bat erdiesteko akordio zabalak lortu eta gauzatzeko unea da».

Ildo horretan, txalotu egin dute Baionako Adierazpena, «gatazkaren konponbide orokorra planteatzen duelako». Hori hala, gatazkaren soluzioa «sustraiko arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa emateko prozesuaren eskutik» etorriko dela nabarmendu dute oharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.