Presoen«gizarteratzea» eta ETAren armagabetzea Jaurlaritzaren xedeak

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berria indarkeriaren amaiera ordenatua eta bizikidetzaren normalizazioa lortzen saiatuko da. Zoru etikoaren printzipioek gidatuta lan egingo du Jaurlaritzak
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia, atzo, legebiltzarreko batzordeko agerraldia hasi aurretik.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia, atzo, legebiltzarreko batzordeko agerraldia hasi aurretik. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2017ko otsailak 9
ETAren armagabetzea lortzea, presoen «gizarteratzea» sustatzea, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» bultzatzea eta ordezkari politikoen arteko elkarrizketarako guneak sortzea. Horiexek dira, nagusiki, Eusko Jaurlaritzak datozen lau urteetarako ezarri dituen lehentasunak giza eskubideen eta bizikidetzaren alorrean aurrera egiteko. Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planean jaso ditu legealdirako erronka estrategikoak, eta horien berri eman du Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarrean.

ETAk indarkeria utzi izanak «testuinguru politikoa» aldatu du, eta, ondorioz, Jaurlaritzak giza eskubideak lantzeko duen ikuspuntuan ere izan dira aldaketak. Hala, idazkaritzaren izenburutik bakea hitza kendu, eta izen berria hartu du Fernandez buru duen departamentuak: Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza izango da aurrerantzean, eta haren barruan lan egingo du Lankidetzarako Euskal Agentziak, errefuxiatuen krisi humanitarioari erantzuna emateko. «Bakea ez dugu ahaztu nahi, baina, egun bizi dugun testuinguruan, egokiagoa da giza eskubideen ikuspegia indartzea».

Joan den legealditik «blokeatuta» jarraitzen duten esparruei konponbidea emateko bide orria izango da Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana. Hiru helduleku izango ditu: indarkeriaren «amaiera ordenatua», bizikidetzaren normalizazioa eta bizikidetzari lotutako erronka berriak. Eta helburu horiek gauzatzeko, denera, hamalau ekinbide martxan jarriko ditu gobernuak. Joan den legealdian bezala, oraingoan ere 2012an legebiltzarrak adostutako zoru etikoa egongo da jarduera guztien oinarrian. Printzipio horrek «gidatuko» du, Fernandezen esanetan, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana 2020. urtera arte.

ETAren amaiera ordenatuari dagokionez, Jaurlaritza prest agertu da ETAren armagabetzean «laguntzeko», eta hori gauzatu ahal izateko egutegi bat egingo du, betiere erakundeak «desegiteko» asmoa adierazten badu. Era berean, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» sustatuko du txosten batean, eta giza eskubideen urraketei eta biktimen iraganari buruzko beste azterlan bat prestatuko du.

Biktima guztien aitortzan eta erreparazioan lanean jarraitzeko konpromisoa ere jaso du plan berriak. Besteak beste, espetxe politika «normalizatzea» eta «bake ikuspuntu» batetik jorratzea izango du helburu, eta, hori lortzeko, presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea eta espetxe politikari buruzko eskumena transferitzea eskatuko dio Jaurlaritzak Madrili. Horrekin batera, euskal presoen «gizarteratzea» bultzatzeko dekretu bat onartuko du legegintzaldi honetan.

Terrorismoaren Biktimen partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin elkarlanean jarraituko du gobernuak, eta biktimek bizikidetzan «protagonismoa» hartzea izango du xede. Biktimak «pluralak» direla aintzat hartuta, «ahalik eta adostasun politiko handiena» duten politikak martxan jartzeko konpromisoa hartu du Fernandezek.

«Sentsibilitate ezberdinen arteko» elkarrizketa eta akordioa ere sustatuko ditu gobernuak, eta legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldearen lanak babestu ez ezik, foro horretatik kanpo ere laguntzeko prest egongo da. Elkarrizketa lortzen saiatuko da, halaber, Espainiako Gobernuarekin. Izan ere, planak jasotako jarduera guztiak Madrilekin elkarlanean eraman nahi ditu aurrera, nahiz eta Fernandezek aitortu duen joan den legealdian izandako esperientzia «etsigarria» izan zela. Besteak beste, Madrilek helegitea jarria dio Poliziaren Biktimen Legeari eta maiatzaren 11ra arteko epea du akordioa lortzeko. «Lege horrek segurtasun juridiko osoa du, eta akordioa lortzeko borondate erabatekoa daukagu».

Bakea, desagertuta

Legebiltzar taldeak prest agertu dira planari ekarpenak egiteko, nahiz eta hainbat kritika egin dizkioten. EH Bilduk «jarrera eraikitzailea» izango du, baina ohartarazi du «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela. Bakea hitza idazkaritzaren «izenetik eta izanetik» desagertu izana deitoratu du Julen Arzuagak, eta gogoratu du giza eskubide ugari urratzen direla oraindik.

Pili Zabalak (Elkarrekin Podemos) Euskal Herrian izan diren 10.000 tortura kasuak espresuki jorratzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Planak ETAren indarkeriak «balorazio berezia» behar duela aipatzen du, eta, Zabalarentzat, hori «umiliagarria» da bestelako indarkeriak jasan dituztenentzat.

PPko Carmelo Barrioren ustez, ordea, Jaurlaritzak «indar handiagoa» jarri beharko luke ETAren gaitzespenaren exijentzian. PSEko Rafaela Romerok, berriz, bizikidetzan lan handiagoa egitea eskatu dio gobernuari, uste baitu oraindik «gorrotorako gune asko» daudela herrietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna