'Franco hil zuten egunak'

Franco hiltzen

Egilea: Koldo Izagirre. Argitaletxea: Susa.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Indar sinboliko handia daukaten ekintzak daude Koldo Izagirreren azken lanaren oinarrian. Diktadorea 1975eko azaroaren 20ak igorri zuen hobira, baina, lehendik, hainbat gertakizunek kolpatu zuten. Gertaera sinbolikoak izan ziren —poetikoak, Izagirreren pertsonaia batek esaten duen bezala—, heroikoak euren txikian, eta Franco sinbolikoki akabatuz joan ziren —beste gertaera sinboliko eta ez hain sinboliko batzuek hura enbaltsamatuta mantentzen lagundu nahi luketen bezala—.

Garai eta giro bertsuko bederatzi narrazio dira, guztiak ere diktaduraren azken urteetara eramango gaituztenak. Alde horretatik, narrazio liburu trinkoa da Franco hil zuten egunak. Gainera, hainbat pertsonaia narrazio batean baino gehiagotan aurkituko ditugu, eta horrek ere liburuaren paisaia tapituagoa egiten du.

Gertakari konkretuei dagokienez, ordea, askotarikoak dira narrazioak: Paperak, adibidez, Joseba Elosegik 1970ean egindako bontzo jauzi ezagunaz ari da, eta baita hark idatzitako Quiero morir por algo liburuaz ere; Une baten argazkia fotografiari egindako omenaldia da, eta Paulino Uzkudunen balentriak eta jukutriak, eta migrazioak gurean izan duen presentzia agertzen ditu; futbolak ere toki dezente hartzen du liburuan, eta hainbat dira jokalariek egindako ekintza sinbolikoak; O burro-n, memoria historikoa agertzen da, Ferrolen zegoen Francoren irudi erraldoiari lotua...

Gertakizunak askotarikoak izanik, beste horrenbeste esan daiteke kontateknikei buruz ere. Ezin ditugu narrazio guztiak jorratu, eta aipa ditzagun pare bat bederen, gaien mamitsua eta kontamoldeen aberatsa nabarmentzeko. Larbi narrazioak Saharara eramango du irakurlea, «martxa berde» deitu zuten 75eko narraskeria hartara eta Fronte Polisarioaren borrokara. Espiralaren moduko kontakizunean, presoaren eta okupatzailearen arteko ikuspegiak nahasten dira. Interesgarria da ohartzea euskaldunak okupatzaileen bandoan aplikatu direla; eta oso ongi islatzen dira, halaber, preso sahararraren ikuspegia eta deskonfiantza. Pertsonaien karakterizazioari dagokionez, Izagirre hizkera ezberdinekin jolasten da, narrazioaren errealismoa eta kolorea areagotuz. Bestalde, Irauntza narrazioak Garmendia eta Otaegiren fusilamenduen ondorengo protestak dakartza, eta bereziki J. M. Garcia Ripaldaren hilketa, 75eko abuztu bukaeran. Kontakizuna barne-bakarrizketa bezala emana dago, eta Kafkaren itxuraldaketaren istorioarekin jolasten da. Kasu honetan argi ikus daiteke egileak detaile txikiak nola josten dituen —karameloak, Minia, ¡gaznápiro!...—, birsortzen duen mundua indartuz.

Jario biziko narrazioak dira guztiak, azkarrak irakurrian, baina ez horregatik mamirik gabeak. Izatekotan, justu kontrakoa: arreta handia eskatzen dute, informazio dentsitate handikoak eta oso kondentsatuak baitira, eta, apika hau esatea politikoki zuzena ez bada ere, ezinbestekoa ematen du irakurlea jakintza historiko eta kultural gutxienekoa baino zerbait gehiagoren jabe izateak. Azkenik, estiloak eta hizkuntzak ere Izagirreren marka berezia dute.

Askotarikoak eta konplexuak dira Franco sinbolikoki hil zuten egunak, eta horien lanketa literario ona eta mamitsua dago narraziootan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.