Lorea Arakistain.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi. IRITZIA

Bihar eta berandu

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Bihar eta berandu omen zetorren autobusa. Garaiko itzultzaile automatikoren batek hala behar zuela usteko zuen. Gaur, euskarazko itzultzaile neuronalek badakite autobusa goizez eta arratsaldez etortzen dela. Hala ere, ikusteko dago euskaldunok autobus digitala goizez eta arratsaldez ala bihar eta berandu hartuko dugun.

Atzo goizean gertatu zela dirudi, baina ez: Bilboko metroa ireki baino urte bat lehenago sareratu ziren euskarazko lehen edukiak; eta, 26 urte beranduago, kontua ez da soilik makinen bidez komunikatzen garela, baizik eta entzun eta erantzun ere egiten dutela. Makinek testuak ulertu eta itzultzen dituzte. Makinek testuak sortu eta zabaltzen dituzte.

Puntueus Behatokiaren arabera, Euskal Herriko webguneen %16k daukate edukiren bat euskaraz, eta % 1,3 dago euskara hutsez. Aitzitik, dataren garaiotan euskararen erabilera ingurune digitalean neurtzea ez da uste bezain erraza. Komunikazioaren ekosisteman gero eta nabarmenagoak diren eta ohiko komunikabide tradizionaletatik at dauden hainbat kanal eta elkarrizketa (Facebook unibertsoa, adibidez) neurtzeko eskumenik ez dugu eta horiek gabe argazkia ez da osoa. Global Internet Phenomena Report-en arabera, Interneten mugitzen den trafikoaren % 60 bideoak dira. Beste % 8 bideo-jokoak dira. Gauzen Internet ere dagoeneko ez da etorkizuna: gure etxeetan dago. Bada euskararik hor?

Eskaintzaz kexa gaitezke, baina sarean dugun eskaintza eskariarekin ez alderatzea begiak ixtea litzateke. Erabiltzaileen % 97k dauzka nabigazio-hizkuntza moduan erdarak lehenetsita. Haien mugikor eta ordenagailuak Buenos días-ka edo Bonjour-ka igotzen dira autobusera. Ondorioz, Interneteko edukia erdaraz jasotzen dute modu lehenetsian euskal hiztun gehienek.

Autobusa euskaraz hartzea ekintza indibiduala da, baina erantzukizun kolektiboari erantzuten dio. Goizez eta arratsaldez pasatzen den autobusa inor gutxik hartzen badu laster asko bihar eta berandu iritsiko da, pasatzeari uzten dion arte.

Teknikoki euskara beste hizkuntzen parera hurbildu arren, gure gizarteak ez du oraindik teknologia euskaraz erabiltzea balioetsi, eta horrek euskara ikusezin egiten du eskaintza sortzen duten autobus gidarien begietara.

Teknologikoki kokaleku egokian gaude, tresnak, baliabideak eta gaitasunak baditugunez gero, garapen teknologikoaren ezarpena eta zabalkundea indartzeko unea da. Zer esanik ez edukiz hornitzekoa. Hala makinek itzuli, sortu eta zabaldutako edukia nola sortzaileen buruetan dagoena. Autobusa gidatzeko ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.