SOSLAIA. Giorgio Napolitano

Italiaren bizkarrezurrak kargua utzi du

Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aita ponteko baten antzeko jokabidea izan du Giorgio Napolitano Italiako presidenteak (Napoli, 1925). Familia desitxuratzeko bidean zela hartu zuen sendiari bat eginda eusteko gidaritza. Izan ere, Italiak bazuen haren beharra orain dela bi urte, parlamentuko indar politiko nagusiak ez baitziren izan Napolitanoren ordezko presidentea adosteko gai. Sendoagoak ziren desadostasun eta ezinikusiak. Atzera ere presidentetzako kargua hartzeko eskaria egiteko hartu zuten elkar PD Alderdi Demokratikoko Pier Luigi Bersanik, Aukeraketa Zibikoko Mario Montik eta PDLko Silvio Berlusconik.

Pertsona zentzudunaren ospea du; erabakiak hartu beharraren beharrak ez zion gehiegi eragiten. Sosegu horri esker Italiarentzako onurak baino ez zituela ekarriko ikusi zuten Bersanik, Montik eta Berlusconik harengana jo zutenean. Kargua birritan hartu zuen lehenengo politikaria izan da. Napolitanok, ordea, argi zuen ez zela luzaroan izango presidente, eta kargua utzi du, 89 urterekin. Orain familiaren epelean egongo da, abenduaren 31ko diskurtsoan jakinarazi zuen moduan. «Etxera itzultzeko gogoa dut», adierazi zuen atzo.

Kargu hartzean aho bizarrik gabe hitz egin zuen: «Ez neukan asmorik areto hau berriz zapaltzeko». Baina «nazioarekiko ardurak» horretara derrigortu zuen. «Beharrezkoa zen herrialdeari eta munduari kohesio nazionalerako seinale bat ematea, erakustea gure instituzioak bizirik daudela eta arazoei aurre egiteko gogoz gaudela. Beharrezkoa zen konfiantza berreskuratzea, geure buruarengan eta nazioartearen aurrean». Behartuta egin ditu, beraz, bere agintaldiko azken bi urteak; familia desegin ez zedin aritu da lanean.

Eta lortu zuen Italia egonkortzea, nahiz eta beste krisi politiko batetik igaro behar izan. Bigarren aldiz presidente izendatu berritan, PDko Enrico Letta hautatu zuten lehen ministro. Alderdiekin egindako bilera sortatik aukeratu zuten. Hark, baina, urtebete ere ez zuen iraun errepublikako lehen ministro gisa. Matteo Renzik PDko kideak gogor jo zuen Lettaren gobernuaren aurka, eta kargutik kentzea lortu zuen. Alderdi barrutik eraitsi zuen Renzik Letti, eta ordutik Italiako lehen ministroa da. Hura hautatzeko elkarrizketetan M5S alderdiak ez zuen parte hartu, prozesua «itxurakeria hutsa» zela iritzita.

Napolitano Napolin jaio zen, 1925ean. Gaztetatik aritu da politikan. PCI Italiako alderdi komunistan afiliatu aurretik, ordea, talde komunista eta antifaxista bateko kide izan zen. Zuzenbidea ikasi berria zen garai hartan. Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako hainbat ekintza egin zituen talde horrek. PCIko batzorde nagusiko kide izendatu zuten 1956an; ekonomia eta atzerri politiken arduradun geroago. Ezkutuko gobernuko diplomaziaburu izan zen (1991-1993), harik eta dimititu eta PCItik alde egin zuen arte. PD Alderdi Demokratikoko lerroetara egin zuen jauzi orduan. Alderdi horrekin beste hainbat kargu izan ditu: Barne ministro gisa 1996 eta 1998 artean, eta bi aldiz eurodiputatu, 1992ko eta 1999ko legegintzaldietan, hurrenez hurren. Handik itzulitakoan, 2006an, izendatu zuten errepublikako presidente lehendabiziko aldiz.

Atzo arte. Bere dimisioa azaltzen duten hiru gutunak sinatu baitzituen atzo Erromako Quirinale jauregian. Horren ondoren, omenaldia egin zioten jauregi horretan bertan. Adinak ekarri dizkion «zailtasun eta mugek» eraginda hartu du dimititzeko erabakia. Gustura doa, pozik, politikari eskaini dizkion urte guztiak zerbaitetarako balio izan dutelako irudipenarekin. Orain Montira joatekotan da, bere herrira, han duen etxean igarotzeko datozen urteak. Zenbait informazio iturrien arabera, ongietorri festa egingo diote Montiko Madonna plazan. Estimua baduelako Napolitanok, atzo jauregitik irten zenean ikusi zen bezala. Hainbat herritar bertaratu baitziren jauregira presidente ohiari babesa adierazi eta eskerrak ematera.

Baina Napolitano, politikazalea ez ezik, literaturazalea ere bada. Laguna zuen Pablo Neruda idazlea. Los versos del capitán poema liburua argitaratzen lagundu omen zion Napolitanok. 50eko hamarkadan ezagutu zuten elkar. Idazteko pasioa ere badu, eta hainbat liburu argitaratu ditu. Itxura fisikoagatik Umberto Erregea ere deitu izan diote Napolitanori. Aldaketak espero dira Italian, orain arte herrialdea lotzen zuen bizkarrezurrak alde egin baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.