ETAren amaiera. ANALISIA

Nazioartea, Euskal Herria

Arnagako adierazpena aurkeztu eta irakurri zuten kideak, atzoko ekitaldian.
Arnagako adierazpena aurkeztu eta irakurri zuten kideak, atzoko ekitaldian. BAKE BIDEA / FORO SOZIALA

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 5
Herenegun, Genevan, Henri Dunant zentroan ETAren bukaeraren agerraldia bukatu ondoren, eta hara joandako diplomazialariak mokadu bat egiten ari zirelarik, zentroko goi arduradun batek, BERRIAkoekin hitz-aspertuan, 2005eko ekainaren 21eko eguna zeukan gogoan: Henri Dunantekoek erraztaile lanak eginda, Jesus Egiguren eta Josu Urrutikoetxea bildu ziren handik hirurehunen bat metrora dagoen hotel batean —President Wilsonen—. Lehen bilera zuten. Aukera handi bat egon zen prozesu hartan gatazkari konponbidea ematen hasteko, ez bakarrik ondorioen atalean, baizik eta baita muinean ere. Ez zen posible izan. Espainiako Estatuak —judikaturak, Poliziak...— jarrera aldatzeke zeukan —eta du—. Eta ezker abertzalea ez zen etxeko lanak eginda iritsi prozesu hartara ere: ez zeukan estrategia politiko-militarraren bukaeraz eztabaida egina, ez eta diseinatua ere, edo egitea adostua ere; ez zen prozesuan prestatuta sartu.

David Harland Henri Dunanteko zuzendariak lau izen aipatu zituen osteguneko hitzartzean: Jose Luis Rodriguez Zapatero, Iñigo Urkullu, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren. Gero, zentroko beste goi arduraduna Egigureni buruz galdezka zen hitz-aspertuan; estimu handitan dauka, eta eskumuinak bidaltzeko eskatu zuen. Egigurenek berak esaten du 2006ko abenduaren 30ean hasi zela bakea, ETAk T4an atentatua egin zuenean, su-etenean zela. 2007an, Genevako saioek ez zuten deus eman, eta ezker abertzaleak estrategia aldatzeko urratsei ekin zien —modu ofizial batean, 2009ko udatzenean hasi zen; bukatu, 2010eko otsailean—.

Ondoren etorri zen, 2011ko urriaren 17an, Aieteko Adierazpena, herenegungoaren aldean ponpa eta solemnitate handiagoko topaketa batean. Hain garrantzizkoa izateko, eta pertsonalitateen zerrenda aparte utzita, Genevakoan ez zen ia segurtasun neurririk, eraikinetik ber-bertan jendea jolasean zen, aretoko errezelak hala moduz zeuden itxita agerraldiak intimitate bat izan zezan, kreditatu gabe zeuden hedabideak barrura sartu ziren... Baina egin zen, eta hor geratuko da, historiarako. Antolaketari dagokionez, Kanbokoak antz handiagoa izan du Aietekoarekin.

2011ko eta atzoko topaketetako parte hartzeak ere izan du antzekotasunik: nazioarteko kategoria handikoa lagunak egon dira, eta Euskal Herriko gehiengo politiko-sindikala ere bai.

Egoerak desberdinak izan arren, edukiek ere antza ukan dute. Hasieratik ikusten da bietako enfokea. 2011ko adierazpeneko lehen esaldia: «Euskal Herrira etorri gara gaur Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako». Kanbokoaren hastapeneko esaldia: «Orain ia 7 urte etorri ginen, Donostiara, Europako azken gatazka armatua gainditzeko aukera erreal bat zegoela egiazki sinetsita»; eta «ongietorria» eman diote ETAren bukaerako erabakiari.

Bi adierazpenetan aipatzen da bakea, eta, zehazki, bake justu eta iraunkorra. Bietan aipatzen da berradiskidetzea; bietan biktimak; eta Aietekoan gatazkaren ondorioak, eta, Kanbokoan, zehatzago, presoak eta iheslariak. «Konpondu» beharreko atalak.

Bietan aipatzen da elkarrizketa politikoa, eta gatazkaren muinaren konponbiderako bide bat marrazten dute. Aieteko 4. puntua: «Askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Eragile ez-bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako». Kanbokoak dio «onarpen politiko kontu bat» dela bakea, «non bi aldeek beraien helburuak modu baketsuan bide politiko eta demokratikoen bidez erdiestea adosten duten».

Giza eskubideak. Demokrazia.

Aietekoak eduki zuen balio kualitatibo nabarmen bat, gatazkaren parte jarri baitzuen Frantziako Gobernua ere. Azkeneko urtebete pasa honetan gatazkaren ondorioen aurrerabidean inplikatu da Paris —Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren engaiamenduari eta abileziari esker—.

2007ko maiatzean prozesua hautsi eta egoera gordin jarri zenean —ETA berriro ekinean, ezker abertzaleko fronte politikoko ehun lagun pasa kartzelara edo bidean...—, nazioarteko eragileek ez zuten atzera egin, eta lanean segitu zuten. Hor geratuko da hori ere, historiarako. Baina badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —«gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara», dio bukaera aldera—.

Epizentroa Euskal Herrian da.

2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: «Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna...».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna