Ana Laura de Giorgi. Ikerlari politikoa eta feminismoan aditua

«Estatua defendatu beharreko leku bat da»

De Giorgik uste du mugimendu feministak hauteskundeetan parte hartu behar duela, botereguneak «eskuinaren eskuetan» ez galtzeko.

Cecilia Valdez
Montevideo
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ana Laura de Giorgi (Maldonado, Uruguai, 1980) Gizarte Zientzietan doktorea da, eta irakaslea eta ikerlaria da Errepublikaren Unibertsitateko Gizarte Zientzien fakultateko Zientzia Politikoen Institutuan. Feminismoan aditua da.

Nola dago Uruguaiko feminismoa?

Hego Kono osoan antzeko prozesu bat ari gara ikusten, udaberri feminista berri batekin. Eragina izan du duela bizpahiru urte piztu zen fenomenoak, emakume ugari bildu dituzten mobilizazioenak; Martxoaren 8a da adierazle nagusia. Tonu autonomo bat zuen horrek, baina orain, hauteskundeekin, alderdietatik eta sindikatuetatik urrun zeuden taldeak hurbildu zaizkie, eta hori berrikuntza bat da. Fronte Zabalean [FA] emakume eta gizon asko daude praktika feminista baten alde egiten, eta horrek kontrastea sortu du praktika tradizionalekin.

Zer harreman du, bada, feminismoak indar politikoekin?

Diktaduraren bukaeratik gaurdaino, feminismoaren zati inportante bat beti egon da ezkerretik hurbil, hau da, Fronte Zabaletik hurbil. Duela bi urte arte bazeuden alderdietatik autonomo mantendu nahi zuten taldeak, baina gaur egun mugimendu feministen erreferente asko daude zerrendetan edo aholkularitzan. Alderdietan praxi feministarik ezarri nahi ez duten talde autonomoak badaude oraindik, baina ziur nago FAri emango diotela botoa, edo, gehienez, boto baliogabea emango dutela.

Eta zer gertatzen da alderdi tradizionaletan?

Alderdi tradizionalek boto feminista hartzeko aukera gutxi dituzte. Colorado Alderdiak [PC] jakin zuen alde liberal bat izaten, baina orain guztiz mugitu da eskuinerantz. Horrek zerikusia du eremuko testuinguruarekin, eta Brasilgo esperientziarekin. Alderdi tradizionalekin nekatuta zegoen feminismo bat genuen, baina eskuina itzultzeko mehatxua oso handia da, eta horrek eragin du jende asko berriz ere alderdietan militatzen hastea. Gure kezka orain Brasil da; Macriren [Argentinako presidentearen] esperientzia dugu, baina hurbileko munstroa Bolsonaro da [Brasilgo presidentea]. Gainera, guk gure Bolsonaro txikia dugu, indar armatuen buruzagi ohi bat [Guido Manini Rios], segur aski bi senatari lortuko dituena; duela egun batzuk esan zuen giza eskubideak ez direla inportanteak, feministak eta disidentzia sexualak deabrua ginela... Benetako sorgin ehiza dator. Orduan, estatua defendatu beharreko leku bat da, bestela eskuinaren eskuetan galduko baitugu.

Zer da Beldurrik gabe bizi?

Hauteskundeez gain, eskuinak bultzatu duen erreforma konstituzional bat daukagu. Erreformaren alde daudenek boto papera sartuko dute, eta ez dira gutxi izango; erreforma hori da militarrak kalera ateratzea eta heriotza zigorraren aukera pentsatzen hastea; hau da, proposamen guztiz zigortzailea.

Zer leku izan du feministen agendak hautagaiek kanpainan izan duten agendetan?

Hautagaiek esan behar izan dute feminismotik zeinen hurbil edo urruti dauden; beste gauza bat da hori programetako proposamenetan bildu ote duten. Egia da gai horrek ez duela kanpaina baldintzatu, eta gauza batzuk lortu dira aurretik ere: haurdunaldia borondatez eteteko legea, ezkontza berdintasunerako legea eta trans identitatearen legea. Beste gai bat da parlamentuko eta kargu betearazleetako parekidetasuna. Oso txikia da, eta segur aski hala izango da oraindik ere; hori paradoxa bat da udaberri feministaren erdian.

Latinoamerikan, Uruguain eta Kuban da legezko abortatzea; Uruguairi dagokionez, esan ohi da oso herrialde laikoa delako gertatzen dela, eta ez delako batere erlijiosoa. Ados zaude?

Uruguaik sekularizazio historia luzea du. XX. mende hasieran abortuaren lehenengo legea egin zuten, eta gero hainbat proiektu egin ziren. Parlamentuak lege bat onartu zuen 2008an, eta Tabare Vazquezek berak jarri zion betoa. Oraindik bizirik dugu zauri hori, eta ezin dugu ahaztu. Presidente horrek jarrera bikoitz interesgarria zuen, medikua baita, baina baita Eliza katolikoaren oso hurbilekoa ere. Legea onartu zenean, oso inportantea izan zen medikuen rola; aliatu inportanteak izan ziren gobernuko eta parlamentuko elite maskulinoak entzun zezan zenbat emakume hiltzen zien abortuen ondorioz.

Nolakoa da mendekoste elizen egoera?

Ezarrita daude hemen ere. Iazko Martxoaren 8an lehenbiziko aldiz eduki genuen mobilizatuta bizitzaren aldekoa delako mugimendu hori. Badaukagu alde ebanjeliko bat parlamentuan; Alderdi Nazionaleko kide batek, Veronica Alonsok, modua eman die ebanjelikoei parlamentuan sartzeko. Hori guztiz berria da, baina Uruguai hain sekularra denez, nahiz eta dirua eta indarra eduki ez dute lortzen, esate baterako, Manini Riosen eskuin sekularragoa bezain azkar garatzea.

Hondar ale bat gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.