Zezenketen negozioa, ezbaian

Mahai gainean da tauromakiaren inguruko eztabaida; datuek agerian utzi dute behera egin duela, etengabe, azken urteotan, zezenak eta zekorrak hiltzen dituzten jaialdien kopuruak.

Sanferminetan hildako zezenetako bat, odolostuta. Haren haragia saldu zuten, gero. LA TORTURA NO ES CULTURA / TRAS LOS MUROS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Tauromakiaren inguruko eztabaida pil-pilean da Euskal Herrian, bai eta inguruko herrietan ere. Batetik, gora egin dutelako, nabarmen, zezenketen, zekorketen eta gisako jardueren kontrako protestek, animaliak erabili eta hil egiten dituztelako; eta, bertzetik, diru laguntza publikoak galduta, agerian gelditu delako zezenak esplotatzen dituzten enpresen negozioaren ahuldadea. Horixe nabarmendu du AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteak, argitaratu berri duen txosten batean. «Azken zortzi urteotan, %51 egin du behera zezenketen kopuruak; zezenak dituzten 1.339 ganadutegi badira, baina haietako 311k bakarrik saldu zituzten animaliak zezenketetarako, 2014. urtean». Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako datuak hartu dituzte albaitariek kontuan.

Espainiako Kultura Ministerioak berak emandako datuek ere erakusten dute zezenak eta zekorrak erabiltzen eta hiltzen dituzten jaialdiek behera egin dutela, nabarmen, azken urteotan. Hego Euskal Herrian, denera, 146 egin zituzten, 2007. urtean; iaz, berriz, 80 izan ziren. Zaldi gainean egindakoak ere kontuan hartu dituzte datu horietan. Ez dituzte aintzat hartu, ordea, Euskal Herriko hamaika herritan bigantxak erabiltzen dituzten jaialdiak, herri horietako besten harira. Aurten, behintzat, Bilbon ez da bigantxarik izanen, iazko ikusle datu eskasen ondorioz.

Euskal Herrian hamaika zezen plaza bada. Ezagunenetako bat da Iruñekoa, Nafarroako hiriburuan ospatzen direlako sanferminak. Hiriko bestetan, peñak jotzen dituzte jai giroaren protagonista. Udalaren diru laguntza jasotzen dute horregatik, hain zuzen ere. «Besta alaitzeagatik», udal ordezkariek BERRIAri zehaztu diotenez. Zezen plazan izaten dira, egunero, sanferminetan.

«Tauromakiarekin zer ikustekorik duen inolako talderik ez dugu diruz laguntzen», adierazi du Iruñeko Udalak. Horrek ez du erran nahi iruindarren dirua zezenketak ordaintzera bideratzen ez dela. Miserikordia Etxea da Iruñeko zezen plazaren jabe; zaharrentzako egoitza da etxe hori. Hiru milioi euroko aurrekontuarekin antolatu ditu azken sanferminetako zezenketak. Iruñeko Udalak berak sortutako erakundea da Miserikordia Etxea; fundazio bat da egun, baina udalaren organigramaren barruan dago. Alkatea da erakundeko zuzendaritza batzordeko buru.

Miserikordia Etxeak antolatzen ditu zezenketak, bai eta entzierroak ere. «Udalak ez dio sosik ere kobratzen horregatik, eta eman ere, ez dio ematen», azaldu du Iruñeko Udalak. Aurten, zezenketetako sarrerarik ez du erosi udalak, Joseba Asiron alkateak berak bestak hasi aurretik ezagutarazi zuenez.

Eman, hala ere, zerbait ematen die udalak zezenketen antolatzaileei. Iruñeko Udaleko Kultura Sailak bi jaialdi antolatu zituen azken sanferminetan, adibidez: Zaldia eta zezena eta Zezenak familiartean. 7.260 euro ordaindu zituen Kultura Sailak. Dirua baino gehiago eman du udalak, gainera. Babesa. Uztailaren 7ko zezenketak Asiron alkatea bera izan zuen presidente (EH Bildu). Plazako palko nagusian eseri zen, gala jantzia soinean zuela.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Nafarroan baino nabarmenagoa izan da zezenketen kopuruaren beherakada. Zezenak eta zekorrak 74 jaialditan erabili eta hil zituzten, 2007an, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian; eta 32, berriz, 2014. urtean. Zezenketei zehazki dagokienez, hiru herrialde horietan 26 egin zituzten 2007an, eta 14, berriz, iaz. Nafarroan, zezenketa eta zekorketa guztiak kontuan hartuta, 72tik 48ra jaitsi zen kopurua epe berean. Zezenketen kopuruan, hala ere, ez da alderik izan. 2007tik 2014ra, 19-20 egin izan dira urtean.

Plazaren erdia, udalarena

«Udalak ez dio euro bakar bat ere ematen zezen plazari». Bilboko Udalak horixe erantzun du, BERRIAk tauromakiarentzako diru laguntzei buruz galdetu eta gero. Erakunde horrek erantsi du, hala ere, zezen plaza dagoen orubearen zati baten jabe dela udala, eta, ondorioz, plaza kudeatzen duen batzordeko kide badela zinegotzi bat. Udalak, beraz, plazaren jardueran parte hartzen du. «Soldatarik ez du jasotzen horregatik», zehaztu dute.

«Ez da egia. Udalak ematen dio dirua zezen plazari». Horixe nabarmendu du Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzi ohi Helena Gartziak. Aurreko legegintzaldian izan zen karguan. Zezenketen inguruko datuak agerian uzten saiatu zen. «Ez dute informazio osoa ematen; datuak ez dira batere argiak», salatu du Gartziak.

Datu bat nabarmendu du, ordea: Bilboko Udalak zezenketetarako sarrerak erosten dituela, eta dirutza gastatzen duela horretan, gainera. 2013ko kopuruak jarri ditu mahai gainean: «50.000 euro zinegotziei sarrerak erosteko; eta bertze 20.000, erretiratuen elkarteen artean sarrerak banatzeko», salatu du zinegotzi ohiak. Datu horiek ez direla salbuespena gaineratu du Gartziak. Udalak ez dio haien berri eman BERRIAri.

Plazaren jabegoari buruz, Gartziak zehaztu du udalak eraikinaren %50 duela bere esku. «Bertzeerdia Miserikordia Etxearena da, baina erakunde horren zati bat ere Bilboko Udalarena da». Udalaren esku da, beraz, plazaren erdia baino gehiago, baina zehazki zenbat diru bideratzen dion argitzea zaila dela salatu du zinegotzi ohiak: «Ez dago diru sail zehatz bat; ustez, udalak uko egiten die plazak eragiten dizkion onurei, plazaren mantentze lanak ordaintzeko».

Casa Chopera enpresak kudeatzen du Bilboko zezen plaza, bai eta Donostiakoa ere; Espainiako bertze hainbat plazaren kudeaketa ere etxe horren esku dago: Almeria, Logroño, Palentzia eta Salamancakoak, zehazki. Donostian zezenketak antolatuko ditu enpresa horrek, berriz ere, azken bi urteotan bertan behera gelditu eta gero.

Gasteizen, Coso de Badajoz enpresak antolatuko ditu zezenketak, aurten, bai eta hurrengo urtean ere. Iruñean eta Bilbon bezala, zezenketentzat euro bakar bat ere ez dutela bideratzen erran diote BERRIAri Gasteizko Udaleko ordezkariek. Baina kontua da plaza hori ere udalarena berarena dela. 2015 eta 2016rako akordioa sinatu du udalak Coso de Badajoz enpresarekin, zezenketak antolatzeko. «3.000 euroko saria ordaindu behar du etxe horrek, denboraldi bakoitzeko; 60.000 euroko bermea jarri behar du, gainera», azaldu du Cristina Ortiz de Latierrok, Gasteizko Udaleko komunikazio arduradunak. «Udalaren konpromiso bakarra da Iradier Arena zezen plaza gisa erabiltzen uztea eta, gero, lehen bezala, espazio funtzional bat izatea», gaineratu du. Nabarmendu du, halaber, Gasteizko Udalak ez duela zezenketetarako sarrerarik erosten.

Coso de Badajoz enpresa Fusion Internacional por la Tauromaquia taldeko kide da. Espainiako eta Mexikoko hainbat enpresak egin dute bat talde horretan, «zezenen besta babesteko». Jose Cutiño da Coso de Badajoz enpresako arduradunetako bat. Hark sinatu du akordioa Gasteizko Udalarekin, zezenketak antolatzeko.

Jose Cutiñorekin batera, Alberto Bailleres eta Simon Casas dira Fusion Internacional por la Tauromaquia enpresa taldeko ordezkari. Azken horrek onartu zuen, joan den urtarrilean, tauromakia «kiebra egoeran» dagoela, eta krisiak bultzatu dituela zezenketen esparruko enpresak bat egitera, hain zuzen ere.

Herritarren protestak

Aurtengo sanferminetan inoiz baino protesta gehiago izan dira Iruñeko zezenketen aurka, eta, oro har, animalien erabileraren kontra. Equo alderdiak eta Anima Naturalis taldeak bestak hasi baino lehen egin zituzten elkarretaratzeak; PACMA alderdi animalista eta Iruñeko Ekintza Antiespezistako kideak, berriz, sanferminetan atera ziren karrikara protesta egitera.

Joan den ostiralean, Azpeitian egin zuten elkarretaratzea, herriko zezenketen aurka. Oinatz Animalista taldeak antolatu zuen protesta, Azpeitian hiltzen da izenburupean. Aste honetan ere izan da zezenketen aurkako elkarretaratzerik. Anima Naturalisek Gasteizen egin zuen protesta, asteazkenean, Andre Maria Zuriaren plazan. Hiri berean, Bezala talde antiespezistak ere egin zuen elkarretaratzea, atzo, Urrezko Zeledonen plazan.

«Estatuan 60.000 animalia erabiltzen dituzte, urtean, herrietako bestetan. Animalion aurkako indarkeria eta haien hilketa tradizioaren izenean onartzen dute herriotan. Indarkeria espezistaren aurpegietako bat da hori», salatu dute Bezala taldeko kideek. Indarkeria espezista mota horren berri emateko, hain zuzen ere, Santa fiesta (Besta santua) izenburuko dokumentala filmatzen ari da Miguel Angel Rolland. Animaliak erabiltzen dituzten Euskal Herriko hainbat bestatan gertatzen dena ere ezagutzera emanen du lan horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.