Angel Aldarondo.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. IGARLEAREN BITAKORA

Fraktalak

2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Duela bi urte Alberto Rodriguez zuzendariaren La isla mínima filmak bere paisaia fraktalekin harritu gintuen, eta Doñana parkearen patroi naturalak inpresio ahaztezina sorrarazi zuen ikusleen erretinetan. Rodriguez indartsu bueltatu da Zinemaldira El hombre de las mil caras filmarekin, diru publikoaren iruzurgileen argazki ederra eginez, krisi ekonomikoen ernamuinak lurpetik ateraz. Krisiek historian zehar errepikatzeko duten joera naturala eta geraezina susmatzen da, beti eskala ezberdinetan, baina patroi berarekin, bukle infinituan.

Nocturama filmak ere krisiek gazteengan pizten duten alferreko matxinada-sena etengabe errepikatzen dela erakusten digu. Filmeko gazte frantsesen azaleko suminaldi antisistemak antza handia du haien gurasoek 68ko Maiatzean sentitu zutenarekin. Egun, eztabaidan dago guraso horiek egungo krisiaren hazia landatu ez ote zuten. Badirudi eredua behin eta berriz eraberritzera behartua dagoela, sistemaren aurka borrokatzeak sistema bera indartzen baitu.

Diseinu fraktaletan, egitura bat eskala ezberdinetan errepikatzen da, eta zaila da jakitea eskalaren zein puntutan gauden. Pelikula batek aurreko beste bat gomutatu didanean, The Oath, La Fille de Brest eta The Giant kasu, déjà vu horrek zinemak geometria fraktaleko eskema duela pentsarazten dit. Film batek beste film bat eduki duela barnean, eta, horrela, gainerakoak, patroi berberak sumatuz, denboraren poderioz.

Zinemaldiak berak eredu berdina errepikatzen du urtez urte, edo behintzat, hori da sortzen duen sentsazioa. Hastear, inpresio ezin hobea dugu, eta, egunak joan hala, etsipena azaltzen da. Amaierarantz, berriz, zinemaldiak merezi izan duela ohartzen gara, bere betiko argi-itzalekin, noski. Zinemaldiaren eskala erraldoi eta zorabiagarrian, nola ez dugu galduko erreferentzi-puntua ba?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.