Kuba. Erreleboa boterean. Raul Castro

Iraultzari eta anaiari fidel beti

Castrok Kubako presidente gisa azken eguna eginen du gaur. Fidel anaiaren ondoan egin zituen hamarkadak, hura boterean ordezkatu zuen arte. Aldaketa erabakigarriak zuzendu ditu urteotan.

ERNESTO MASTRASCUSA / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko apirilak 19

Fidelen anaia. Fidel Castro boterean egon zen artean, hori izan zen Raul Castrok jaso ohi zuen izendapenik ohikoena, Kubatik kanpo bederen. «Fidel, Fidel da, denok dakigu hori ongi. Fidel ezin da ordezkatu, eta herriak haren obrari jarraituko dio fisikoki egonen ez denean». Raul Castrok 2008an egin zituen adierazpen horiek, Kubako presidente eta indar armatuen komandante buru izendatu zutenean, haren anaiaren ordez. Hortik aitzinera, ez dio inoiz utzi Fidelen anaia izateari, baina azken hamarkada honetan, progresiboki, gero eta gehiago Kubako presidentea nagusitu zaio bertze izendapenari. Izan ere, historia hurbilean mugarri izan diren erabakiak hartu ditu Raul Castrok; bertzeak bertze, iraultza egin zuen belaunaldiaren erreleboa prestatzea.

Angel Castro etorkin galiziarraren eta Lina Ruzen seme-alabetan laugarrena izan zen Raul (Biran, Kuba, 1931); hau da, Fidelen ondotik jaio zen lehenbizikoa. «Raul pixka bat gaizki hezitakoa zen. Nik errieta egin behar izaten nion tarteka, eta Ramonek [anaia zaharrenak] defendatu egiten zuen», erran zion Fidel Castrok Ignacio Ramonet kazetariari, lider iraultzaileari buruzko biografian idatzi zuenez.

Raulek Fideli jarraitu zion ekintza iraultzailean, baina anaia nagusiak erran zuenez, «Raulek beti izan zituen hagitz bereak ziren irizpideak». Horren adibide, Fidelen aitzinetik bat egin zuen komunismoarekin, PSP Herri Alderdi Sozialistaren gazterietako kide eginda. Iraultzak irabazi ondoren Fidelek AEBetara bidaiatu zuen, eta han adierazi zuen ez zela komunista; iraultzaileen ideologia «humanismoa» zela erran zuen. AEBek, ordea, ez zioten arnasa hartzen ere utzi iraultzari, eta 1961erako, Fidelek erabat aldatua zuen iritzia.

Ernesto Che Guevarak Kubatik alde egin ondoren, Raul bihurtu zen iraultzaren aginte kateko bigarren ordezkaria, anaiaren itzala eta heldulekua. 1965ean alderdi komunistako bigarren idazkari izendatu zuten, eta 1976an, berriz, errepublikako presidenteorde. Kargu horiei eutsi zien Fidelen ordezkoa hartu zuen arte. «Fidel egoera guztietan izan bada komandante burua, Raul beti izan da haren estatu nagusiaren buruzagia», idatzi zuen Nikolai Leonov KGBko ofizial ohiak Raul Castrori buruzko biografian.

Sistema sozialistaren arerioek mesfidantza berezia izan diote Rauli; anaiaren itzalpean hariak mugitzen zituen esku beltzaren gisan irudikatzen zuten, eta ortodoxiaren zaintzailetzat hartzen zuten, kutsu negatiboz. Haren agintaldia, ordea, erreformen eta aldaketen agintaldia izanen zela hitzemanez hasi zuen, eta, bertzeak bertze, AEBekin harreman diplomatikoak berrezartzeko pauso historikoa zuzendu zuen 2014an. Presidente kargua utzita, alderdi komunistaren idazkaritza nagusitik jarraituko du prozesua gainbegiratzen, baina iraultza egin zuen belaunaldia mugaraino ailegatu da. «Poz handiena da belaunaldi berriei uztea sozialismoa eraikitzen jarraitzeko erantzukizuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna