Legebiltzarrak Frantziari eskatuko dio Fernandez Iradi aske uzteko

Erredakzioa
Gasteiz
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak Ibon Fernandez Iradi aske gera dadila eskatu du, presoak duen gaixotasun «larri eta sendaezina» —esklerosi anizkoitza— bateraezina delako espetxean segitzearekin. Hartutako erabakiaren berri emango dio legebiltzarrak Fernandez Iradiren zaintzaz arduratzen diren Frantziako instituzioetako arduradunei.

EH Bilduk proposatu zuen legez besteko proposamena, eta,EAJrekin hitzartu ondoren, atzo onartu zuten Giza Eskubideen Batzordean. Legebiltzarrak dio administrazioak pertsona guztien giza eskubideak, bai eta presoenak ere, bermatu behar dituela eta horretan ezin dela salbuespenik egin. Halaber, gaineratu du espetxe politikak «konponbide humanitarioak» behar dituela larriki gaixorik dauden presoentzat, «eta, kasu honetan bezala, espetxetik atera behar direla». Legebiltzarrak harturiko erabakiarenberri emango die «urgentziaz» Frantziako Justizia ministroari, Zigorren aplikaziorako epaileari eta Parisko Dei Auzitegiari, epaitegi horrek Fernandez Iradiren auziaz erabakiko baitu datorren maiatzaren 7an.

Presoaren osasun egoera hirutan aztertu dute medikuek, eta, aurreneko bi aldietan ez bezala, eritasuna eta espetxealdia bateragarriak direla ondorioztatu dute martxoan kaleratutako azken txostenean. Haren abokatu eta senideek salatu dute «kontraesanez beteta» dagoela txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.