HEMEROTEKA
Erabakiak
HOW we spend our days is, of course, how we spend our lives». Annie Dillard idazleak elkarrizketa batean esaten duen esaldia da: Nola igarotzen dugun eguna, hala igarotzen dugu bizitza. Eta hala eta guztiz ere, egun bakoi-zean hartzen ditugun erabaki txiki horiek ez zaizkigu hain garrantzitsuak irudi-tzen: lanera kotxez ala bizikletaz joan, tabernan zuritoa euskaraz ala gazteleraz eskatu, liburua irakurri ala telebista piztu… Txikikeriatzat jotzen ditugun horiek geure bizitzaren koadroa margotzen dute, geure egunerokoarena. Eta azkenean, bizitza gaur gertatzen da, ez buruan dugun gure bizitzaren irudi irreal horretan.
Badaude garrantzitsutzat jotzen ditugun beste erabaki batzuk: zein ikasketa aukeratu, bikotea izan ala ez, etxe bat erosi ala ez, umeak eduki ala ez, atzerrian edo herrian bizi… Horien aurrean bai, sakon hartzen dugu arnasa, gure bizitza baldintzatuko duten erabakiak direla kontuan izanik. Eta batzuetan erabakia hartzea kostatu egiten bazaigu ere, zerbait garrantzitsua erabakitzen ari garela sentitzen dugu. Baina gero, pentsatu gabe erabakitzen dugu alaba dantzara apunta-tzea eta semea futbolera, adibidez, txikikeria dirudien horren bitartez mezu oso garrantzitsuak bidaltzen dizkiegula kontuan izan gabe; edo bost euroko kamisetak erosten ditugu, kamiseta horiek hain merke erosteko, bidean noren burua zapaldu behar izan duten pentsatu gabe... Kattalin Minerreren Nola heldu naiz ni honaino nobelaren gai nagusietako bat erabakiak hartzearen ingurukoa da eta honela azaldu du idazleak berak: «Nire hipotesia da ez direla erabaki handiak bizitza aldatzen dutenak, baizik eta egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek: zer jan, nola jantzi, nola joan lekuetara, eta horiei igual ez diegula garrantzirik ematen eta hor trabatu gaitezkeela».
Pertsona baten eguneroko ekintza txikiak haren bizitzaren taupadak dira. Egunero egiten duguna geure bizitzarekin egiten duguna da. Nola igarotzen dugun eguna, hala igarotzen dugu bizitza. Egunero hartzen ditugu erabakiak. Eta erabaki txikiek ere markatzen dute gure bidea, arnasa sakon hartuz hartzen ditugun beste erabaki handi horiek bezala.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.