Altzairu «garbiaren» erronka

Azken urtean izugarri garestitu dira lehengaien, energien eta CO2 isurien prezioak. Horri eta Txinako altzairuari aurreko egiteko, instituzioen babesa eskatu du sektoreak.

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Egoera onean dauden enpresak zuhur mintzo dira, eta haizea alde izanagatik ere —azken urteetako preziorik garestienean saltzen ari dira altzairua—, azpimarratu dute irabazi marjinak ez direla «hain handiak».

Energien eta lehengaien prezioak kezkatzen dituzte gehienbat, txatarrarenak bereziki, hori erabiltzen baitute euskal altzairutegiek. Alde dute, ordea, bertako galdategi guztiak elektrikoak izatea, eta CO2 isuriengatik ez dutela ordaindu behar. Baina, bestalde, argindarraren prezioa dute kontra. Sektoreak kritika zuzena egiten dio Espainiako Gobernuari, araudian egin dituen aldaketetan ez dituelako haien eskaerak kontuan hartu. «Oro har, estatutu elektrointentsiboan ez da bereizketarik egiten, eta argindarraren prezioaren igoera etxeetan bezala nabaritzen dugu. Europako beste herrialde batzuetan, Alemanian eta Frantzian esaterako, lantegi handiek akordio propioak dituzte argindar enpresekin prezio hobeak adosteko, baina hemen ezin da halakorik egin», kritikatu du Arcelor Mittaleko bozeramaileak.

Siderexeko buruak ere kezka bera azaldu du: «Faktura izugarri handia izateak eragina du produktuaren prezioan. Berdin txatarrarekin ere. Hemen ez dugu nahikorik, eta inportatu egin behar dugu. Produktuaren prezioa gehiago handitzen da horren eraginez. Horrek guztiak eragin zuzena du hemengo altzairuaren lehiakortasunean, eta baliteke hala izatea aurrerantzean ere». Horri beste aldagai bat gehitu dio San Millanek: ingurumena. «Hor ere arau berdinak izan beharko genituzke herrialde guztietan, denok lehiakor izateko aukera izan dezagun».

Petrolioaren eta ikatzaren sektoreak bezala, altzairugintza ere presio handia jasaten ari da larrialdi klimatikoa dela eta. Hura da gas ekoizle industrial handiena: erregai fosilen zuzeneko emisio guztien %8 harena da. Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, munduko energia eta klima helburuak betetzeko, altzairu industriaren emisioak gutxienez erdira murriztu behar dira mendearen erdialderako, eta, ondoren, zerora.

Txinari ateak ixten

Helburu hori lortzeko estrategietako bat da karbono emisioak zigortzea. Europako Batasunak emisioen merkatu bat du. Gaur egun, isuritako CO2 tona 50 euroan dago, pandemiaren aurreko prezioaren halako bi. Siderurgiaren kasuan, ekoizleek 95 euro inguru ordaintzen dute ekoitzitako altzairu tona bakoitzeko. Hori egungo prezioaren ia %10 da: 1.000 euro altzairu tona bakoitzeko.

Siderexen arabera, ekoizle europarrek lehiakide globalek baino karbono kostu «izugarri handiagoak» ordaintzen dituzte. Horregatik eskatzen dute EBra inportatutako altzairuari karbonoaren gaineko muga zergak handitzeko, eta, bereziki, Txinakoari. Laburbilduz: babes handiagoa.

Batzordeak laster aurkeztuko du proposamen bat horren inguruan. Itxaropentsu daude sektorean. «Orain Europatik kanpoko inportazioek eragiten badigute, aurrerantzean gehiago eragingo digute. Ez hainbeste bolumenetan, baina bai prezioetan. Horregatik da garrantzitsua muga zerga hori ezartzea», azpimarratu du Arcelor Mittaleko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.