'La La Land' filma faborito da Urrezko Globoetarako

Zazpi hautagaitza jaso ditu Damien Chazellen komedia musikalak

Ander Perez Argote
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Damien Chazellek zuzendutako La La Land komedia musikalak pilatu ditu 74. Urrezko Globoetarako izendapen gehienak. Zazpi hautagaitza jaso ditu filmak, tartean, zuzendari onena, komedia edo film musikal onena, eta gizonezko zein emakumezko aktorerik onenak saritzen dituztenak. Barry Jenkinsen Moonlight filmak sei izendapen jaso ditu, eta Kenneth Lonerganek zuzendutako Manchester by the Sea-k, bost. Urtarrilaren 8an egingo dute sari emate ekitaldia, Los Angelesen (Kalifornia, AEB).

HFPA Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak banatzen ditu Urrezko Globoak, urteko film eta telesail onenak saritzeko.Bi ataletan banatzen dituzte sari nagusiak, batetik dramak eta bestetik komediak edo musikalak diren lanak bereiziz.

Komedia edo film musikal onenaren sailean, La La Land-ekin batera, 20th Century Women, Deadpool, Florence Foster Jenkins eta Sing Street filmak hautatu dituzte. Film dramatikoaren atalean, berriz, Hacksaw Ridge, Hell or High Water, Lion, Manchester by the Sea eta Moonlight lanak lehiatuko dira.

Bost dira zuzendari onenaren atalerako hautagaiak: Damien Chazelle (La La Land), Tom Ford (Nocturnal Animals), Mel Gibson (Hacksaw Ridge), Barry Jenkins (Moonlight) eta Kenneth Lonergan (Manchester by the Sea).

Komedia edo musikaletako andrazko aktore onenerako hautagaiak hauek dira: Annette Bening (20th Century Women), Lily Collins (Rulens Don't Apply), Hailee Steinfeld (The Edge of Seventeen), Emma Stone (La La Land) eta Meryl Streep (Florence Foster Jenkins). Gizonezkoak, aldiz, beste hauek: Colin Farrel (The Lobster), Ryan Gosling (La La Land), Hugh Grant (Florence Foster Jenkins), Jonah Hill (War Dogs) eta Ryan Reynolds (Deadpool).

Film dramatikoetako emakumezko aktoreei dagokionez, Amy Adams (Arrival), Jessica Chastain (Miss Sloane), Isabell Huppert (Elle), Ruth Negga (Loving) eta Natalie Portman (Jackie) dira hautatuak. Gizonezko aktoreetan, bestalde, Casey Affleck (Manchester by the Sea), Joel Edgerton (Loving), Andrew Garfield (Hacksaw Ridge), Viggo Mortensen (Captain Fantastic) eta Denzel Washington (Fences) dira hautatuak.

'Toni Erdmann', arrakastan

Ingelesa ez den hizkuntza batean eginiko filmen artean, bost hautatu ditu HFPAk: Pablo Larrainen Neruda, Houda Benyaminaren Divines, Paul Verhoeven Elle, Asghar Farhadiren The Salesman eta Maren Aderen Toni Erdmann. Azken film hori, gainera, arrakasta betean dabil: pasa den asteburuan, Europako zinemaren sarien banatze ekitaldian, bost sari garrantzitsuenak lortu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.