Ingurumena. Luizia Zaldibarren

GHK-k Zubietara eraman nahi ditu industria hondakinak

inaki petxarroman
Donostia
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Zubietako erraustegira industria jatorriko hondakinak bidaltzeko aukera aztertu nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Hain zuzen ere, hedabideetara bidali duen ohar batean aitortu du aukera hori aztertzen hasi dela mankomunitateekin. GHK-k mankomunitateetako hondakin guztiak «kudeatzeko» asmoa du. Zaldibarko luiziak sortu duen egoerak eta Mutiloako zabortegia berehala ixteak eragin du GHKren erabakia. Berehalakoan, «arriskutsuak ez diren» hondakin industrialak Epeleko zabortegira bidaltzea izango da aukera bakarra, partzuergoaren esanetan. Edota, bestela, beste lurralde edo autonomia erkidego batzuetako instalazioetara bideratzea.

 

Aurrera begira, baina, bestelako alternatibak landu nahi dituzte EAJk eta PSE-EEk. Hau da, hondakin industrialak ere Zubietako erraustegira eta tratamendu mekaniko biologikoko plantara bidaltzea. «Gipuzkoa gai izan da hiri hondakinen kudeaketaren irtenbidea aurkitzeko». Aldundiak eta mankomunitateek ez dute hondakin industrialen arloko eskumenik, baina, Asensioren hitzetan, «azpiegitura moderno eta iraunkorrak» dituzte hiri hondakinak kudeatzeko. Horiek «arazoa konpontzen» lagun dezaketelakoan dago Asensio.

Mankomunitateek, hiri hondakinez gain, merkataritza eta industria arloko beste hondakin batzuk ere kudeatzen dituzte. Baina, GHK-k dioenez, hiri hondakinen «parekoak» izan arren, zabortegi industrialetan uzten zituzten. Esaterako: tamaina handiko hondakinak, bilgarri komertzialak, nekazaritza edo abeltzaintza jatorrikoak eta garbiguneetan uzten ziren beste batzuk. «Elkarte guztiekin lortutako akordioa hau da: GHK-k hondakin mota horien fluxuak eta bolumenak neurtu, eta Gipuzkoako hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura sarera bideratzeko aukerak aztertzea». Hain zuzen ere, sare horren barrukotzat jo ditu Zubietako instalazioak, Epeleko konpostatze planta eta Legazpiko ontziak sailkatzeko planta. «Proposamen horrekin aurrera egiteko, aztertu beharrekoa izango da zer hondakin mota dauden, nolako bideragarritasun teknikoa dagoen instalazioetan tratatzeko, eta zer baimen lortu beharko liratekeen».

Zubietako instalazioen finantzaketa udal eta mankomunitateen esku dago osorik. %85 ordaintzen dute instalazioen erabilgarritasunagatik, eta gainerako %15a erabileragatik. Hau da, sartzen duten hondakin kantitatearen arabera. Industria hondakinen kasuan, industriei berei dagokie eurek sortzen dituzten hondakinak kudeatzea. Zubietako erraustegira eramango balituzte, nola eragingo lukeen horrek finantzaketa orokorrean eta horren kostua eta etekina nork jasoko lituzkeen argitu beharko du GHK-k: enpresa kudeatzaileek (Urbaser buru) edo zerbitzuaren ordaintzaile diren mankomunitateek?

Ingurumen baimena

Erraustegiaren ingurumen baimen bateratuak jasotzen du Zubietako instalazioetan hondakin industrialak jasotzeko aukera: «Salbuespen moduan, ingurumen erakundeak baimendu ahal izango ditu instalazioetan, aldi baterako, onargarrien artean jaso ez diren beste hondakin ez-arriskutsu batzuk, zeintzuk egoera juridiko, administratibo berezietan edo osasun zein ingurumen larrialdietan ezin diren aldez aurretik berrerabiltze eta birziklatze operazioetan tratatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.