SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (II). Bakea ofiziala da.

Egun argiz, gau iluna agurtzeko

Ekitaldi hunkigarri batean sinatu dute ituna Santosek eta Timochenkok. Presidenteak onartu du gatazka aspalditik datorrela eta desberdintasunek sortua dela, eta FARCeko buruak, berriz, barkamena eskatu du.

Juan Manuel Santos eta Rodrigo Londoño 'Timochenko', elkarri eskua ematen,Cartagena de Indiasen. RICARDO MALDONADO/EFE.
Adrian Garcia.
Cartagena de Indias
2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Nahiago dut perfektua ez den akordioa, hiltzen jarraitzen duen gerra perfektua baino». Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearen hitzek ongi laburbiltzen dute bake itunaren funtsa. Hitzok errepikatu ditu gobernuaren eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren arteko akordioaren izenpetzean, Cartagena de Indiasen. Emozioz beteriko ekitaldia izan da, biktimak izan baititu ardatz. Rodrigo Londoño Timochenko FARC-EPko komandanteak berretsi du ituna gerrillaren izenean, eta konferentzia zentroko kanpoaldean bildutako gonbidatu, teknikari, kazetari eta herritarrek oihu, txalo eta dantza artean ospatu dute: «Egin ahal izan dugu». Ituna sinatuta, FARC desarmatzeko atzerako kontua hasi da. Politika soilerako bideari ekingo dio mugimenduak. Timochenko: «Inork ez dezala dudarik izan armarik gabe egingo dugula politika. Bihotzak eta gogoak desarmatuko ditugu». Ordezkariek izenpetuta, igandean herritarrek erreferendumean berrestea falta da orain.

Zortzi milioi biktima. Zazpi milioi desplazatu. 220.000 hildako. Latinoamerikako gatazka luze eta odoltsuenetarikoa amaitu da. 52 urte borrokan arituta, lau urteko prozesuan finkatu dituzte elkarbizitzarako oinarriak. Kuba izan da bake elkarrizketen bultzatzaile nagusia, Venezuela eta Norvegiarekin. Bitartekarien lana eskertu dute Santos eta Timochenkok .

Presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari, bi haurren laguntzarekin giltza batekin kutxa erraldoi bat irekitzean. Parez pare ireki dira ateak, eta agintariak atera dira. Mundu zabaleko lekukoen aurrean sinatu dute bakea Santosek eta Timochenkok. Denak zuriz jantzita, gainerako gonbidatuen eta ikus-entzuleen antzera.

Egun argiz hasi dute ekitaldia, gau ilunari agur esateko, eta eguzkia sartzerako bakean zeuden jada gobernua eta gerrilla. Une hunkigarriak utzi ditu ekitaldiak. Santosek eta Timochenkok eskua elkarri eman diote —jendaurrean egiten duten hirugarren aldia da urtebete eskasean—. Ikusleek besarkatzeko eskatu diete, baina orain gutxi arte etsai izan direnek ez diote eskaerari amore eman. Timochenkok eskua sorbaldan jarri dio, eta Santosek uso itxurako pin bat oparitu dio, bakearen ikur moduan. Emozioari eutsi ezinik negar malkoka hasi dira hainbat ikusle. Kolonbiako bandera marraztu duten gerra hegazkinen orroek isilarazi dituzte txaloak.

Historiari begiratu bat

FARCen buruzagiak gainbegiratu azkar bat eman dio mugimenduaren historiari, eta gogoratu du gatazkak bidegabekeria baten aurkako borrokan duela jatorria. Marquetalia udalerria eta Manuel Marulanda Velez Tirofijo izan ditu gogoan. Inguru horretan orain 52 urte sufritutako eraso bortitzaren ondotik sortu zuten gerrilla Marulandak eta beste hainbatek.

Ikus-entzule guztiak aulkitik altxarazi ditu ondoren Timochenkok: «FARCen izenean barkamena eskatzen diet biktima guztiei, gerra honetan sortu izan dezakegun min guztiagatik». Gerra hegazkinek FARCeko buruaren agerraldia eten dute. «Pentsatzen dut agurtzeko izango zela, eta ez bonbak jaurtitzeko».

Hitzaldi osoan ideia berari eutsi dio Timochenkok: gertatutakoa ez errepikatzeko beharrari. «Akordio honek betiko itxi behar luke ideia politikoak defendatzeko armen bidea». Santos goraipatzeko hitzak ere izan ditu, eta sektore gerrazaleei aurre egin izana eskertu dio.

Kolonbiako presidenteak ere Timochenko eta FARC goraipatu ditu, armak uztean erakutsitako «ausardiagatik eta inteligentziagatik». Haatik, presidenteak onartu egin dio gerrillari haren oinarri politikoa, eta gatazka FARCen sorrera aurrekoa dela esan du. «70 urtez indarkeria politikoa izan dugu Kolonbian». Indarkeriak «atzerapena, txirotasuna eta desberdintasuna» eragin duela nabarmendu du ere.

Beste agerraldietan ohikoa duen baino sutsuago aritu da Santos. Historiara pasatuko da Kolonbia baketu zuen agintari gisa. «Gerra bat gutxiago dago munduan». Halere, ohartarazi du Kolonbiak oraindik erronka ugari dituela aurretik.

Agintariak «erregimen demokratikorako» ongietorria eman dio FARCi, betiere jokoaren arauak errespetatzen baditu. «Nahiz eta pentsamolde desberdinak izan, nik babestuko dut haien ideiak demokrazian defendatzeko eskubidea». Santosek gogorarazi du aro berri baten hasieran dagoela herrialdea. «Bukatu da gau lazgarri hau». Presidentearen arabera, itun bat baino gehiago da sinatutakoa. «Adierazi dugu ez dugula onartzen indarkeria ideiak defendatzeko tresna gisa».

Herenegundik hasita 180 egun izango ditu FARCek gerrillatik alderdi politikorako trantsizioa gauzatzeko; behin-behineko 23 eremutan eta zortzi kanpalekutan kontzentratuko dira hemendik gutxira. Ekitaldia amaitzean iragarri du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak su-etena eta gerrillaren desarmatzea ikuskatzeko misioa.«Latinoamerikako eta Karibeko estatuetatik iritsitako 200 ikuskatzaile daude eremuan. Laster gehiago izatea espero dugu». Ekitaldiko gonbidatu berezia izan da Ban.

Nazioarteko delegazioetatik aparte, beste 2.000 gonbidatu inguru izan dira Cartagena de Indiasen. Politikariak, biktimak, kirolariak, artistak, ikerlariak... «Garrantzitsua da jakinaraztea itun hau kolonbiar guztien parte dela, denen esfortzuarekin lortu dugula», esan du Ivan Cepeda Polo Demokratiko Alternatiboko senatariak. «Espero dut herritarrek biktimekiko elkartasuna adieraztea, eta gobernuak itunean idatzitakoari lotzea». Cepedak uste du Kolonbiak aurrera egin duela: «Aukera dago etorkizun demokratiko eta bidezkoa eraikitzeko, miserian bizi izan diren nekazariak askatzeko. Urte luzeko gerran erresistitu egin duten horiek». Senatariaren arabera, demokrazia sendotzeko hurrengo pausoa ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin elkarrizketak hastea litzateke. «Nik uste dut hurrengo egunetan alde horretatik albiste onak egongo direla. Honek akuilu lana egingo du».

Carlos Velandiak ongi ezagutzen du ELN, gerrillako zuzendaritzako kide izan baitzen atxilotu zuten arte. Hamar urte kartzelan egon ondotik bakearen alde lan egiten du. «Dudarik ez dago, sinadura honek lagunduko du ELNren auzia bideratzen. Biei lagunduko die, ELNri eta gobernuari». Cepedaren antzera, laster albiste onak entzungo direlakoan dago. «Herrialdeak ez du beste albisterik nahi».

Biktimen ahotsa

Jineth Bedoya Lima ere izan da ekitaldian, haren bahitzaileak gobernuarekin bakea sinatzen ikusten. «Guk egin badugu, onartu badugu bakea, gainerako herritarrek ere egin dezakete». Paramilitarrek 2000. urtean bahitu eta bortxatu zuten. Urte batzuk geroago, berriz, FARCek atxiki zuen. «Barkatu beharra dago. Baina barkatu hitza oso handia da. Horrenbesteko minaren ostean zaila da barkatzea. Nik esan dezaket mina moldatzen jakin dudala». Herrialde osotik ekitaldira etorritako 250 biktimetako bat da.

Omar Alberto Sanchez Cubillos Tibuko gotzaina da, eta gerrillen eta gobernuaren arteko bitartekari lanak egin izan ditu. Akordioaren kontra dauden eskuin muturreko sektoreen aurka egiteko modurik eraginkorrena ituna bera ezartzea dela adierazi du. «Igandekoa oso garrantzitsua da, herritarren gehiengoak berresten badu ituna, joera baikorra piztuko du».

«Ekitaldia gustatu zait. Hunkigarria izan da». Veronica Quinterari hiru senide desagerrarazi dizkiote. Soinean darama horietako baten argazkia. Sinadura ekitaldira etorri da armadari haren senitartekoei buruz galdetu ahal izateko. «1992an FARCeko komando batek desagerrarazi zuen anaia bat. Aurkitu genuen, tortura zantzu handiekin. 1995ean armadak beste anaia bat desagerrarazi zuen. Eta, ondoren, paramilitarrek, aita». Itunean konpromisoa hartzen da desagerrarazitako guztiak bilatzen hasteko. «Baina ez dut uste ituna beteko denik. FARCek lortu du nahi zuena, baina gobernuak ez du sekula onartuko gatazkan egin dituenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.