DARWIN ETA GU

Iparraldeko itsasoak

Jose Mari Pastor -

2018ko ekainak 16
Umeak ginela, hainbat lekutako itsasontziak iristen ziren Santurtzira. Merkantzia-ontziak, turismo-ontziak edo bestelakoak ziren. Lehen taldean kolore guztietako itsasgizonak zetozen. Tatuajeek beldurra edo errespetua eragiten zuten garaiak ziren, ez oraingo nazka edo barregura. Sergio Ramosen besoetako zirriborroek lortzen ez dutena lortzen zuen Hanburgoko marinelaren eskumuturreko sirena urdinak. Bigarrenean Patricia zeritzon ontzia zegoen. Southampton-etik zetorren, astean bi aldiz. Good morning, I am a good boy, how are you? Hirugarrenean munduan zehar ongiaren apologia egiten zuten itsasontziak genituen. Gitarra, gona zabala eta maitasun unibertsala.

Itsasoa bizia zen guretzat. Kresalaren usain gaziak gogoa gozatzen zuen, bihotza horditzeraino. Itsasoa arriskua zen. Eta abentura. Emilio Salgariren pertsonaiak, Alberto Vazquez Figueroaren paisaiak. Geroago beste Vazquez bat aurkitu genuen. Montalban zuen bigarren abizena. Hegoaldeko itsasoak nobelan tropikoetara ihes egin nahi zuen gizon aberatsaren tragedia azaldu zuen. Enpresari katalan hark Salvatore Quasimodoren bertso baten hitzak maite zituen: Più nessuno mi porterà nel sud. Jadanik inork ez nau hegoaldera eramango.

Orain bestelako ontziak ditugu itsasoan. Iparraldera datoz, hegoaldera barik. Aquarius itsasontziko 60 lagun hartzeko prest dago Jaurlaritza. Euskal Herria solidarioa da, dudarik ez. Internazionalak ere bagara: orain denari jartzen diogu Basque hitza. Gora Euskadi tropikala oihukatzen genuen Gasteizko hondartzetan. Ikastaro trinkoa egin genuen eta denak kosmopolitak. Baita zera ere! Kubatik etorritako gizonezko mulatoak El Correo egunkariari esan zion elkarrizketa batean: 80ko urteetan jendea bueltatu egiten zen Bilboko Kale Nagusian zihoanean. Santurtzin ohituago geunden, baina Euskal Herriko hiriburu handienean beltz bat kalean ikusi, eta burua jiratu, duela 30 urte. Eskerrak kosmopolitak ziren.

Emigrazioaren mamua eskuinaren arma da. Haren azken bataila. Eta irabazten ari da, baita ezkertiarren artean ere. Alemanian eztabaida bizia dago Die Linke alderdiaren barruan. Sahra Wagenknecht, Legebiltzarrean alderdiaren taldeburua, migrazioa kontrolatzeko lege zorrotzen alde azaldu da. Alderdiko presidente Katja Kipping, ez. Zer gertatu da emigrazioaren gaiak Bundestageko alderdi ezkertiarrena zatitzeko? Hauxe: bi urtean ia bi milioi iheslari hartu dituzte herrialdean. Populazioaren %2,5 inguru. Egonezina eragin du. Beldurra. Eta lehen Die Linkeri botoa ematen ziotenetako askok begi onez ikusten dute orain AfD alderdi arrazista.

Erraz kritikatzen ditugu herritar horiek, baina kontuak atera %2,5eko portzentajea zer izango litzatekeen hemen: Bilbon, bi urtean, 8.625 iheslari arabiar gehiago; Getxon, ia 2.000; Zarautzen, 575; Ordizian, 250... Guztiak kaleetan, beste hizkuntza batez mintzatzen, euren ohitura, kultura eta bizimodu desberdinekin. Gure parkeetan taldeka bazkariak egiten, hondartzetan goitik behera jantzita. Hain erraz eutsiko genioke elkartasun mugagabeari? Iheslari guztiak hartzeko prest gaude, baina iheslari guztiak onartzeko prestatuta gaude, Miss Daisy paseatzera ateratzeko besterako ez bada ere? Eta ez naiz azpiegiturei buruz ari.

Ipuinetan sinetsi nahi nuke, euskal paradisuan, baina entzuten ditudanek zer pentsatua ematen didate. Mende honetako erronka dugu migrazioa. Ez dago hura kudeatzeko formula magikorik. Guk etorkin kualifikatuak etortzea gura dugu, gure garapenari eta bizimoduari eusteko. Txiroak Afrikan usteltzen utzi nahi ditugu. Kolonialismo berria: lehen, ondasun materialak lapurtzen genizkien; orain, baliabide humanoak. Ez dugu pobrerik nahi. Horiek, ordea, etortzen segituko dute. Ez Turkish Airlines konpainiaren hegazkinean, Morgan Freemanekin batera, baizik eta itsasontzi batean, etsipenaren basamortutik iparralderantz. Haientzat itsasoa ez da abentura eta dantza, ezpada tristura eta esperantza. Più nessuno mi porterà nel nord.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna