SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (I). Hitzarmenaren atarian.

Indar sinboliko handiko eguna

Mende erdiko gatazka amaitzeko itunak ilusioa eta zalantzak piztu ditu herritarren artean. Cartagena de Indiasen ospakizun handi baten bidez egin diote ongietorria bakeari.

Kolonbiako poliziak, atzo, bake hitzarmenaren sinaduraren aurretik, kalean, Cartagena de Indiasen. CHRISTIAN ESCOBAR MORA/ EFE.
Adrian Garcia.
Cartagena de Indias
2016ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Tramite hutsa behar zukeena ospakizun handia bihurtu dute Cartagena de Indiasen. FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak eta Kolonbiako Gobernuak dagoeneko adostuak dituzte bakearen oinarriak, baina indar sinboliko handiko eguna antolatu du gobernuak itunaren sinadura ofizialerako, Habanan erdietsitakoaren erakusleiho gisa. Jakitun baita Juan Manuel Santos presidentea partida erabakigarria igandeko erreferenduma izango dela. Gerrillak batzarrean onartu berri du armak uztea eta mugimendu politiko soila bilakatzea. Gobernuaren zeregina da orain, gizarte zibileko erakundeekin batera, astebetean baiezkoaren hauspoari eustea, erreferendumak lau urte pasako negoziazioak hankaz gora utz ez ditzan. Orain arte, gehienbat oihanean egin dute gerra, baina bakea, batez ere, hirietan erabakiko da.

Segurtasun indarrei omenaldia eginez hasi du eguna presidenteak. Vaticanoko Estatu idazkariak meza eman du gero, biktimen omenez. Habanako bake elkarrizketetan gertatu moduan, biktimak itunaren erdian ipini dituzte, eta sinaduraren lekuko zuzenak izan dira. Medellindik, Calitik eta Bogotatik hiru hegazkinetan iritsitako 250 biktima izan dira sinaduraren zuzeneko lekuko. Lerrook idazteko orduan, oraindik ituna ofizialki sinatu gabe zeukaten Santos presidenteak eta FARCeko buru Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko-k.

Ahalik eta nazioarteko agintari eta erakunde gehien biltzen saiatu da gobernua. Raul Castro Kubako presidentea eta negoziazioen bultzatzaileetako bat, eta Latinoamerikako beste estatuburu ugari agertu dira: Boliviako Evo Morales, El Salvadorko Salvador Sanchez, Guatemalako Jimmy Morales, Peruko Pedro Pablo Kuczysnki, Brasilgo Michel Temer, Txileko Michelle Bachelet eta Mexikoko Enrique Peña Nieto; baita Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta Munduko Bankuko presidente Jim Yong Kim ere.

Orain arte ohikoak ziren erreferendumaren kanpainako boluntarioen lana bertan behera geratu da egunotan hirian, ekitaldi ofizialeko prestakizunek gaina hartuta. Turisten joan-etorriak eman dio normaltasun apur bat hiriari. Kolonbian bisitari gehien duen hirietako bat da Cartagena de Indias, Karibe itsasoko uharteetarako atea baita.

Telebistetako kamioi antenadun handiek eta energia sorgailuen soinuek bete dute alde zaharrerako sarrerako plaza. Kafetegietan turistekin lehian ibili dira kreditazioa soinean dituzten langileak. Izan ere, kazetariez gain, teknikari eta beste hainbatbehargin ekarri ditu hirira sinadura ekitaldiak; 2.000 pertsona baino gehiago izan dira lanean bake akordioetan.

Santosek «bakearen hiri» gisa izendatu du Cartagena de Indias. Haatik, segurtasun indarrek setiopean jarria dago. Lurrez, airez eta itsasoz zaindu dute konferentzia zentroa. Barne Ministerioaren datuen arabera, 2.700 polizia eta militar daude kalean. Hiriaren zubi eta beste azpiegitura estrategikoak eta nazioarteko agintariek ostatu hartu duten hotelak zaintzape estuan jarri dituzte. Konbentzio zentrorako errepideak hustu dituzte, eta oinezkoei agiriak eskatu eta zorroak miatu dizkiete.

«Hori da Santosek saldu nahi duena: segurtasuna. Baina Kolonbia ez da batere segurua». Reinaldok txanda bukatu berri du alde zaharreko hotelean. Turisten maletak gelara eramatea da haren zeregina. «Paradoxikoa da. Urteak eman dituzte FARCen atzetik, eta orain babestu egin behar dituzte». Itunarekiko oso kritikoa da, nahiz eta ez duen argitu zeren alde bozkatuko duen; edo bozkatuko duen ere. «Ituna ona da, baina zalantza asko daude. Ez dut uste sinatutakoa beteko dutenik. Gerra ez da sekula bukatzen. FARCen ondoren datorrena okerragoa izan daiteke».

Oro har, herritarrek urruntasunez hartu dute ituna ofiziala egitea. «Garrantzitsuena igandekoa da. Espero dezagun baiezkoak irabaztea, urte asko eman ditugu-eta gerran», adierazi du Vilma Martinezek.

Afixak kalean

Baiezkoaren aldeko afixa gehiago ikus daitezke kalean, baina badira itunaren kontra egiten dutenak ere, batez ere taxi gidarien artean. Guillermok «Ez» handi bat du itsatsia bere taxian. «FARCen krimenak ahaztu eta hutsetik hastea ari zaizkigu eskatzen. Ez da bidezkoa». Beste gizon bat hurbildu zaio ondora, afixa non hartu duen galdetzera.

Gerrillak barkamena eskatu behar duelakoan dago taxi gidaria. La Chinitako sarraskiagatik—35 pertsona hil zituzten— adierazitako damua ez zaio nahikoa iruditzen. «Askoz ere jende gehiago hil dute». Justizia trantsizionalean hitzartutakoa ere ez du gustuko. «Dena propaganda da. Gobernu honek engainatu egin gaitu; gauzak ezkutatu dizkigute».

«Ez dut ulertzen jendeak nola bozkatu dezakeen ezezkoaren alde». Nancy lagun baten zain dago plazan. Akordio ona izango ote den zalantzak dituen arren, argi dubaiezkoaren aldeko botoa emango duela. «Bakerako arriskatu beharra dugu. Gauden bezala geratzea okerragoa da».

Iritzi berbera du Ivan Mendezek. «52 urte gehiegi izan dira. Nekatuak gaude; urte asko izan dira. Bada bakerako garaia». Pepe ondoan du, turistei eskulanak saltzetik atseden pixka bat hartzen. Harentzat ere albiste ona izan da bakea adostea. «Gerra beti txiroek ordaintzen dugu. Aberatsa bazara, etxean babestu zaitezke, zure segurtasunarekin». Cartagena de Indiasen gatazkak ez du zuzenean jo, baina bai departamentuaren hegoaldeko zatian. Bolivar eskualdeak meatze aberatsak ditu, eta talde paramilitarrek indarrez ustiatu dituzte azken urteetan. ELN Nazioa Askatzeko Armada eskualdean finkatu zen borroka armatuaren lehenengo urteetan, 1970eko hamarkadan. Baita FARCeko bi fronte ere.

Mende erdi bat

52 urte luzez estatuaren etsairik amorratuena izan da FARC, eta aurreko bake prozesuek huts egiteak herritarren konfiantzari erasan dio. Munduko gerrilla komunista zaharrenetarikoa da, eta gorabeheratsua izan da haren bilakaera. Edonola ere, eta azkenaldian kolpe gogorrak sufritu arren, ez da militarki garaitua izan.

Kolonbiak, Latinoamerikako beste herrialdeek bezala, kolonialismoak eragindako desberdintasun sakonak ditu. Batez ere, landa eremuan: lur-jabe gutxi batzuen eskuetan daude lur eremu zabalak. Bidegabekeria historiko horretan du jatorria FARCek. Gatazka betean sortu zen gerrilla, 1964an, hainbat indar komunista batuta. Ordutik, pixkanaka hazi da. Hasieran autodefentsa izaera zuen; zibilekin batera mobilizazio handiak egiten zituen, armada saihesteko oihanean babesa bilatuz.

Urteen poderioz, egitura militarrak garatu zituen; 1974an, FARCek V. batzarra egin zuen, arduradun guztien bilkura, eta gerrilla bihurtu zen. Aginte ordena zehaztu, eta mobilizazio azkarrak egiten hasi zen, zibilak garraiatu gabe.

Alor militarra garatzearekin batera, Alderdi Komunistarekin loturak lausotzen hasi ziren. 1980ko VII. batzarrean, plan estrategikoa adostu zuen: boterea indarraren bidez hartzeko apustu garbia. Orduan erantsi zioten erakundeari EP Herriaren Armada siglak.

1990eko hamarkadan erabat gaiztotu zen gatazka, La Uribeko bake prozesuak huts eginda. Berlingo harresia erori eta herrialde askotan talde komunistek bakea negoziatzen zuten garaian, Kolonbian gorakada handia izan zuten gerrilla horiek.

Belisario Betancourt Kolonbiako orduko presidenteak sustatuko prozesuak esperantza piztu zuen; irekiera demokratikoaren harira, UP Union Patriotica koalizioa sortu zuten, Alderdi Komunista, FARC eta beste ezkerreko taldeek osatzen zuten fronte zabala. Baina eskuin muturreko talde paramilitarrek, estatuaren babesarekin askotan, UPko kideak sarraskitzeari ekin zioten; 4.000 bat kide hil zituzten guztira. Garai hartan sortu zuten AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak, eskuin muturreko talde paramilitarra.

2000. urtetik aurrera, Bogotak armada berregituratu zuen, AEBekin eginiko Kolonbia plana hitzarmenaren harira. Gerrillak atzera egin zuen pixkanaka, eta erdialdean zituen zazpi fronte atzeratu behar izan zituzten. Hala ere, FARCen eremu historikoetan indartsu eutsi dio armadari.

Santos gobernura iristean hasi zen gatazkaren norabidea aldatzen, 2010ean. Gerrarako deia eginez irabazi zituen lehenengo bozak, baina bakerako aldarria eginez hautatu zuten berriro. Eskuin muturraren presioari eusten asmatu du, eta armadako goi kargudunak prozesura erakarri ditu. Zortzi milioi biktima eragin dituen gatazkaren ondorena kudeatu beharko du legealdia amaitu arte, 2018ra arte. Ongi bidean, FARC alderdi izango du arerio orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.