SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (III). Preso politikoak.

Infernutik, egiaren batzordera

Akordioaren arabera, FARCeko preso gehienei amnistia emango diete, Bakerako Jurisdikzio Berezian parte har dezaten. Halere, gobernuak eta gerrillak ez dute oraindik adostu amnistia legea noiz onartuko duten.

Kolonbiako arartekoak San Andres Islaseko kartzelan ateratako argazkia, 2014an. DEFENSORIA DEL PUEBLO / EFE.
Adrian Garcia.
Bogota
2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kolonbiako kartzeletan milaka preso politiko daude, estatuaren aurka armak hartzeagatik zigortuta. Kopuru zehatza ez dago jakiterik, presoen eskubideen aldeko erakundeak ere ados ez direlako jartzen. Edonola ere, bake akordioetan jasotzen den moduan, Bakerako Jurisdikzio Berezia sortuko dute, eta, horren bidez, gatazkan parte hartu dutenen ardurak zehaztuko dituzte. Baita FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadako presoenak ere. Baina, lehenago, kartzelak hustuko dituzte, kondena behin-behinean bertan behera geratuko baitzaie presoei. Igandeko erreferendumean baiezkoak irabaziz gero, hilabeteen buruan kalean lirateke delitu politikoengatik kartzelatutako FARCeko kideak. Sexu delituak, gizateriaren aurkako krimenak, torturak, exekuzioak eta desagerrarazteak amnistiatik salbuetsita daude.

Ituna astelehenean sinatu badute ere, eztabaida iturri da oraindik ere presoen afera;E egunean ez baitira ados jartzen FARC eta gobernua. Hau da: gerrillaren arabera, itunaofizialki sinatu zutenean hasi zen prozesua, astelehenean. Gobernuak, ordea, gerrillaren desarmatzea hartu nahi du erreferentzia gisa, eta lehenago ez ditu presoak askatu nahi. Hurrengo asteetan Habanan biltzekoak dira bi aldeak. Printzipioz, galdeketaren emaitza jakin artean gerrillariak ez dira desmobilizatzen hasiko.

Nolanahi ere, ezuste handirik ezean, gutxienez hilabete eta erdiren, eta, gehienez, hiru hilabeteren ondotik aske leudeke FARCeko presoak. Herritarrek bake akordioak berresten badituzte, gobernuak lege egin behar du ituna, eta prozedura azkar baten bidez hilabete batean egongo litzateke prest amnistia legea. Hortik aurrera, preso bakoitzaren kasua aztertzen hamar bat egun beharko dituzte epaileek.

2.000 eta 9.500 preso politiko artean daude Kolonbian.Kopuru baxuena estatuarena da. CSPP Preso PolitikoekikoElkartasun Batzordearen arabera, 3.000 preso daude. «Halere, kalera aterako diren FARCeko presoen kopuruari dagokionez, gerrillak helarazitako zerrendak izango du azken hitza»,adierazi du Franklin Castañeda CSPPko presidenteak. Giza eskubideen defentsari egon da lotuta Castañeda gaztetatik, eta bere jaioterri Barranquillatik ihes egin behar izan zuen atentatu bategatik.

Bakerako Jurisdikzio Berezira aurkeztu beharko duten preso ohiek. Hiru bide hartu ahal izango dituzte. Euren borondatez aurkezten badira, eta egindako krimenak onartzen badituzte, bost eta zortzi urte arteko «askatasunaren murrizketa» izango dute. Ez dute kartzela zigorra izango, baizik eta beste zigor alternatiboak. Bigarrenez, euren borondatez aurkeztu ez direnek bost eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak jaso ditzakete. Azkenik, krimenak onartu ez eta epai batean kondenatzen dituztenentzat 15 eta 20 urte arteko kartzela zigorra izango da.

«Nik uste dut urtebetean edo urte eta erdian ezarria legokeela Bakerako Jurisdikzio Berezia, eta orduan ikusiko dugu zenbat atxiloturi emango zaien amnistia», adierazi du Castañedak. Delitu politikoak dituztenak, alegia, estatuaren aurka armak hartu zituztenak kartzelagabetu egingo dituzte.

Jurisdikzio Berezia

Akordioek ez dute delitu politikoaren lege izaera aldatu. «Gure Zigor Kodeak jasotzen du delitu politikoa: estatu baten aurka matxinatzea da, beste estatu eredu bat proposatzeko». Azken hamarkadetan, ordea, delitu politikoa murriztuz joan da gobernua, nazioarteko testuinguruak bultzatuta. «Terrorismoaren pare utzi dute. Matxinadarako beharrezkoak diren ekintza asko beste aparteko delitu baten gisa tratatu dituzte. Adibidez, borrokan soldadu bat hiltzea».

Aldaketa beste bide batetik etorri da, Castañedaren iritziz.Izan ere, akordioek onartu egin dute FARCen oinarri politikoa; gatazkaren muinari heldu diote itunaren lehen puntuan, lurren eta nekazaritzaren ingurukoan. «Gobernuaren diskurtsoan, politikan eta sustatu nahi den kulturan dago erabateko aldaketa».

Presoen bizi baldintzak oso kaskarrak dira; 74.000 pertsonentzako lekua dute kartzeletan. Egun, 110.000 preso daude, ordea. «Baina pilatzea datu horiek erakusten dutena baino handiagoa da», ohartarazi du Castañedak. Izan ere, 138 kartzela ditu Kolonbiak, baina gainezka dituenak 50 bat dira. «Kartzela batzuetan %400eko pilatzea dago. Preso politikoek eta preso txiroek sufritzen dituzte baldintza horiek». Zaharrak dira espetxe asko, eta, gainezka daudela eta, arazoak dituzte oinarrizko beharrak eta preso bakoitzak behar duen bizitzeko espazioa bermatzeko. «Pertsonen biltegiak bihurtu dira kartzelak». Arartekoak larrialdi soziala ezartzeko deia egina dio Juan Manuel Santos presidenteari.

Horrez gainera, presoek jasotzen duten tratua «lazgarria» da. Paramilitar presoen presioak jaso ez ezik, zaindarien jazarpena sufritu behar dute. «Haientzako ez dira edozein preso. Arerioak dira. Eta arerioa une oro izorratzen saiatzen dira: haien familiatik ehunka kilometrora espetxeratzen dituzte».

Haatik, kartzeletako bizi baldintzak hobeak dira zenbaitentzat. «Paramilitarren, politikarien, Justizia eta Bakea legeari atxiki direnen eta aberatsen kartzelak desberdinak dira. Beste maila batekoak dira».

Bake prozesua hasi zenetik egoera zertxobait aldatu da, eta FARCeko presoak gune berezietan kontzentratu dituzte zortzi kartzelatan, bake prozesuari gertutik kasu egiteko. «Nik dakidala, haien mekanismoen bidez informatu dira Habanan negoziatzen zenaren inguruan», azaldu du Castañedak. FARCek eginiko X. Biltzarrean kartzeletako ordezkariak izan ziren, preso politikoen aldeko erakundeekin batera.

Prozesuaren parte

ELN Nazioa Askatzeko Armadaren kasuan rol erabakigarria jokatu dute presoek. «Camilo Torres kolektiboko presoek bultzada eman diote bake prozesuari, Medellingo kartzelatik». Maila publikoan oraindik ez dituzte negoziazioak hasi gerrilla horrek eta gobernuak.

Iraganean egin dira presoak desmobilizatzeko saialdiak, baina sekula ez dute sortu Bakerako Jurisdikzio Berezia bezalakorik. Justizia eta Bake legea ezarri zuen gobernuak 2005ean, gehienbat paramilitarrak desmobilizatzeko. Gerrillari preso batzuk ere batu ziren ekinbide horretara, baina estatuak bizkar eman die; ez dizkie kontuan hartu kondena murrizketak, eta oraindik kartzeletan daude asko.

Horretan datza, neurri handi batean, presoen aldeko erakundeen arteko desadostasuna kopuruaren harira. Lege horretaz baliatu ziren gerrillariak ez dituzte preso politikotzat hartzen erakunde batzuek. «Bere garaian armak hartu, eta estatuaren aurka matxinatu ziren. Baina, orain, estatuarentzat lan egiten dute. Estatus politiko hori galdu egin dute», esan du Castañedak. Bake akordioetatik kanpo daude preso horiek.

Bestalde, paramilitarrei kutsu politikoa ematen saiatu dira eskuineko sektoreetatik, baina horiek ere itunetik kanpo daude. «Statu quo-ari eustea da haien helburua», dio Castañedak. Halere, kondenak murrizteko atea ireki diete. «Arazoaren zati bat amaitzeko ahalegina da, baina ez da akordio politikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.