RIO16. IPANEMAKO MUTILA

Zerrenda beltza

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Brasilgo zaleak kirol lege gutxi erakusten ari dira Jokoetan. Harmailetan keinu itsusi asko ikusi ditut. Gimnastika artistikoan eta pertika jauzietan brasildarren lehiakideen hutsak ozen ospatzen dituzte, gustuko futbol taldearen aurkariak penalti bat langara bidali izan balu bezala. Ikuskizun tamalgarria da benetan, kirol guztiak ezin baitira parametro berberekin neurtu, eta kale egin duenaren frustrazioak errespetu handiagoa merezi du. Hori da Rio de Janeirotik gustatzen ez zaizkidan gauzetan aurrenekoa, baina ez bakarra.

Hasierako maiteminduaren lilura joaten ari da, sumatzen dut, eta gustatzen ez zaizkidanen zerrenda egin diot hiriari. Agian, fribolitatea irudituko zaizue; zer egingo diot, bada. Ez dut gustuko hiria polizia eta militarrez josita egotea. Ez ditut gustuko taxi gidari eta txofer suizidak. Ernegatu egiten nau papera ezin komunetik botatzeak. Etsigarria da eguzkitako krema emanda etxetik irtetea eta euritan blai eginda itzultzea. Ez dut gustuko eguna goizeko seietan argitzea eta arratsaldeko seietan iluntzea. Langile batzuen erritmo tropikalak nire pazientzia agorrezinaren mugak esploratu ditu. Gorroto dut gizarte mugimenduek jasaten duten jazarpena. Ez zait gustatzen Barra de Tijuca aberaskume frustratuen auzoa. Gizarte desorekak. Musika anglosaxoi gehiegi dago. Caipirinha gehiegi kargatzen dute. Ez zaizkit gustatzen ilara kilometrikoak. Copacabanak Europako edozein hondartza dirudi. Olinpiar eremua urrezko kaiola bat da. Ia ez da ezer birziklatzen, eta plastikozko poltsa pila bat erabiltzen dituzte. Maracuya kenduta, fruta ez da dioten bezain ona. Hortzetako pasta garestia da. Distantziak oso handiak dira. Maskota zer demontre da?

Eta, hala ere, zalantzarik gabe, itzuliko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.