Emakumeen Nazioarteko Eguna. EIDER RUIZ DE AGIRRE

Lanari sutsu ekinez

Emakume suhiltzaileak ez dira asko Euskal Herrian, baina hor ere mugak jausten ari dira apurka. Eider Ruiz de Agirre suhiltzaileak dioen moduan, lana «pertsonek» egiten dute, generoa gorabehera.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ia bost urte daramatza Eider Ruiz de Agirrek lanean (Bilbo, 1978), suhiltzaile, Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan duen suhiltzaileen etxean. 2010eko abuztuan hasi zen beharrean. Dena dela, nabarmendu du oraindik ez duela lanpostua eskuratu eta behin-behinean dagoela horretan. Une honetan gogor ari da ikasten, laster oposizioak egon daitezkeelakoan.

Ruiz de Agirreri beti egin zaio erakargarri suhiltzaile izateko ideia, nahiz eta «oso zaila» iruditzen zitzaion. «Beti pentsatu dut laguntzeak poz handia eman behar zuela». Ikasketak ere oso bestelakoak egin zituen, eta 2005era arte ez zuen bere burua aurkezteko aukera benaz hartu

Geroago, baina, urratsa egitea erabaki zuen. Lehenengo, lan eskaintza publikora aurkeztu ahal izateko eskakizunak bete zituen, hau da, kamioiak eta trailerrak gidatzeko baimena lortu zituen. Gero, oposizioetara aurkeztu zen: «Gaitegi bat dago beren-beregi prestatua suhiltzaileentzat; gero, proba fisikoak gainditu behar dira, azterketa psikoteknikoa, eta, azkenik, kamioiko azterketa ere badago. Hori izaten da prozesua, administrazioaren arabera aldaketaren bat egin daitekeen arren».

Pozgarria baina gogorra

Azterketa horiek guztiak gainditu zituen Ruiz de Agirrek, eta aldi baterako lanpostua eskuratu zuen. Pozik dago: «Lan polita da, eta poz handiak ematen ditu, nahiz eta ardura handiko zeregina ere baden». Gogorra ere bada, batez ere, egoera latzen bat suertatzen denean. Horri dagokionez, hildakoak eragiten dituzten auto istripuak izaten dira eramateko zailenak.

Duela gutxi arte, gizonezkoentzako esparrua izan da suhiltzaileena, beste zenbait lanbide bezala. Orain ere hala da, neurri handi batean. Ruiz de Agirrek ez daki Euskal Herrian zenbat emakume suhiltzaile dagoen, baina ziur dago «bakanak» direla. Gauzak aldatzen ari dira, halere. «Suhiltzaileen lana pertsonek egiten dute, generoa alde batera utzita. Gizonek zein emakumeek egin dezakete». Berak alde horretatik ez du inoiz arazorik izan: lankideek «oso ongi» hartu dute beti, eta egin beharreko aldaketak -emakumeentzako aldagelak atontzea, esaterako- egin dituzte.

«Polemika» sortzen duen gai bakarra dago, Ruiz de Agirrek dioenez: lan berdina egiteko, lanpostua eskuratzeko probak ere berdinak izan behar ote diren gizon zein emakumeentzat. Horri dagokionez, «iritzi desberdinak» daude. Eta zein da Ruiz de Agirrerena? «Gaia ez da erraza, baina uste dut gutxieneko batzuk berdinak izan behar direla. Gero, hortik aurrera, zentzuzkoa da desberdintasun batzuk egotea, gorpuzkera ere desberdina delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.