«Faraonikoa ez dut gustuko; epe luzeko obra handi bat da AHTa»

xabier martin
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
AHTa, orain 25 urte bezala, estrategikoa dela dio Tapiak, iparralderako nahiz hegoalderako loturei dagokienez zalantza ugari egonda ere.

AHTaren dirua aurreratzen ari da Jaurlaritza, eta kupoaren bidez berreskuratu behar du. Ari al da dirua jasotzen?

Kupoaren negoziazioa egin gabe dago, baina sinatutakoa sinatua dago, eta kontuak argiak dira.

Oso kopuru handiez ari gara. Dirua aurreratzen jarraitu behar duzue?

Guk Gipuzkoako zatia bukatu behar dugu. Hori hitzartu dugu, eta aurreratzen dena kupotik kenduko da.

Nork pagatuko ditu hiriburuetako sarbideak? Bilbokoak 500 milioi beharko dituela zabaldu da.

Hiri bakoitzean nola egiten den aztertzeko dago, bana sarbideak beti egiten dira formula beraz.

Zein da formula hori?

Lur azpitik joatea zenbat kostatzen den jakin behar da aurrena. Adifek lur gainetik joateko behar den aurrekontua bere gain hartzen du. Lur azpitik joaten bada, sarbidearen goialdean sortzen diren lur aprobetxamendu urbanistikoen bidez pagatzen da aldea. Gehiago behar bada, administrazioak jartzen du. Baina hori eredu orokor bat da.

AHTa Jaurlaritzaren obra faraonikoena da jadanik...

Hitz hori ez zait batere gustatzen. Zer da faraonikoa?

Izugarri erraldoia? Izugarri luze jotzen duena eraikitzeko?

Errepideak ere obra handiak dira, baina beharrezkoak herri bat egituratzeko. Ea, ados, obra handia da; hor utziko nuke, ez erraldoia, ez faraonikoa.

90eko hamarkadan hasi zen proiektua. Izugarri luzea bada eraikitzen, ezta?

Epe luzeko obra handi bat da, bai.

2023an amaituko dela diozu. 90eko hamarkadako irizpide estrategikoek balio dute gaur egun? Balioko dute 2023an?

Azpiegitura batek balio du herri bat egituratzeko, orokorrean. Europako Batasuneko sare baten parte txiki bat AHTa. EBk esan zuen Atlantiko aldetik Europa egituratu egin behar zela. Orduan eta gaur hori horrela da. Madrildik Sevillara joatea, hau da, inondik inora, ez da oso logikoa herri bat Europarekin lotu nahi bada. Lotzeko irizpideak balio du, orduan eta gaur.

Baina, Hego Euskal Herrian eginda ere, AHTaren lotura hori ez dago bermaturik, ez Parisekin, ezta Madrilekin ere. Edo bai?

Hendaiara iristea lortzen badugu, Parisen gaude. Orain ez. Orain jaitsi egin behar duzu, eta beste batean sartu. Tren berarekin gurutzatzea lortzen badugu, Parisen gaude, bai ala bai. Bordeletik Hendaiara beste trenbide bat egin beharko dutela dagoena hobetzeko? Bai, seguru, baina orain dagoenak balio digu bat egiteko.

Madrilerako loturak ez dizu hainbesteko kezka eragiten?

Kezka eragiten du, noski, baina nahiago dut iparraldera begiratzea, argi daukat hori; gure merkatuak eta gure ereduak iparraldean daude. 2019rako Hendaiarekin lotzea lortuko bagenu, Baionarekin, Bordelerekin eta beste hiri batzuekin lotuta geundeke, ez baita bakarrik Paris. Horrek emango lizkiguke orain pentsatu ere egiten ez ditugun hainbat eta hainbat aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.