SOSLAIA. Eugene de Kock

'Apartheid'-aren aurpegirik beltzena

Xabin Makazaga -

2015eko urtarrilak 31
Hegoafrikako Gobernuak baldintzapean aske utziko du Eugene de Kock hiltzaile eta torturatzailea. Apartheid garaian Poliziako koronel eta C1 matxinadaren kontrako unitateko buru izana, «adiskidetze nazionalerako premiagatik» utziko dute aske De Kock, Michael Masutha Hegoafrikako Justizia ministroak atzo jakinarazi zuenez. Erabakia oraindik ez da finkoa, Justizia Ministerioak berretsi egin behar baitu, eta giroa gehiegi ez berotzeko, ez dute jakitera eman De Kock noiz eta non askatuko duten. Ostegunean bete zituen 66 urte, eta ia hogei urte daramatza preso.

Prime Evil (Jatorrizko Gaizkia) goitizena ezarri zioten. 1996an bi heriotza zigor ezarri zizkioten arraza bazterkeria sustatzen zuen erregimenaren aurkariak bahitu, torturatu eta hiltzeagatik; tartean, ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko kideak. Gerora 212 urteko beste espetxe zigor bat ere ezarri zioten, gizateriaren kontrako krimenengatik.

Heriotza eskuadroi baten gisan jokatu zuen De Kock buru zuen polizia taldeak 1980ko eta 1990eko urteetan. Apartheid-a indargabetu eta Hegoafrikak demokraziarako bidea hasi berritan, jada bizi osoko espetxera zigortua zegoela, herritar gehienen barrenak inarrosi zituen De Kockek 1997 eta 1998an, urteetan egindako basakeriak zehatz-mehatz kontatu baitzituen Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordean.

Japie Kereng Maponya eta Nelspruiteko bostak —Oscar Mxolisi Ntshota, Glenack Masilo Mama, Lawrence Jacey Nyelende, Khoma Gabela eta Tisetso Leballo— apartheid-aren kontrako ekintzaileak hiltzeagatik ezarri zizkioten bi heriotza zigorrak. Amnistia ukatu egin zion bere garaian Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak. De Kock 1983an hasi zen Vlackplass etxaldean lanean, Dirk Coetzeeren aginduetara, eta bi urtera C1 unitateko buru izendatu zuten. Matxinoen kontrako unitatearen atxikitze eta tortura gunea izan zen Vlackplass etxaldea, Pretoria ondoan.

2009an espetxean bisita egin zion Jacob Zuma presidenteak, eta zigorra arintzea proposatu, bere unitateak desagerrarazitako hegoafrikarren gorpuak bilatzen laguntzearen truke. Egindako basakeriengatik De Kockek damua agertu duela eta Poliziari hainbat biktimaren gorpuak aurkitzen lagundu diola esan zuen atzo Hegoafrikako Justizia ministroak, hura askatzeko erabakia arrazoitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna